Eduki publikatzailea

22_0887 Gobernu Kontseiluak Euskal Poliziarentzako ohorezko goraipamenak arautzen dituen Dekretua onartu du

Gobernu Kontseiluak Euskal Poliziarentzako ohorezko goraipamenak arautzen dituen Dekretua onartu du

Prentsa Zerbitzua

2022-12-07

Dekretu berriak bateratu egiten ditu Ertzaintzarentzako, Euskadiko udaltzaingoentzako eta merezimenduzko ekintzak egin dituen gizarte zibilarentzako polizia-merezimenduaren dominak, zorionak eta ohorezko gainerako kondekorazioak.

Josu Erkoreka lehendakariordeak eta segurtasuneko sailburuak proposatuta, Gobernu Kontseiluak Euskal Poliziaren esparruan polizia-merezimenduaren dominak, zorionak eta gainerako ohorezko kondekorazioak emateko araubidearen Dekretu berria onartu du gaur. Goraipamen horien bidez saritu nahi dira sakrifizioagatik, eraginkortasunagatik eta herritarren onurarako dedikazioagatik eredugarriak diren polizia-jarduerak nahiz jarduera zibilak. Hala, bateratu egiten da Ertzaintzarentzat, udaltzaingoentzat eta segurtasun publikoaren defentsan garrantzi handiko jarduerak egin dituzten pertsonentzat eta erakundeentzat edo Ertzaintzaren edo Euskadiko Udaltzaingoen onurarako edo izen onerako laguntza erabakigarria eman duten pertsonentzat eta erakundeentzat aurreikusitako kondekorazioen eta goraipamenen araudia.

Erregulazio horrek aurrez Ertzaintzarentzat eta Euskadiko udaltzaingoentzat bereizita aurreikusten zen araudia indargabetzen du. Honela katalogatutako goraipamen mota hauek aurreikusten ditu:

  1. Polizia-merezimenduaren domina, bereizgarri gorria duena. Polizia-jarduera bereziak aitortzen ditu, hirugarren pertsona baten onurarako egindakoak, norberaren bizitza arriskuan jarrita egindakoak, eta entregaren, ausardiaren, espiritu humanitarioaren edo gizarte-elkartasunaren kualitateak agerian uzten dituztenak. Domina horrek, suposizio tasatuetan, hileko aldizkako prestazio ekonomikoa dakar.

  1. Polizia-merezimenduaren domina, bereizgarri berdea duena. Meritu aparta izateagatik aitorpen handia merezi duten gertakari garrantzitsuak edo ezohiko polizia-jarduerak aitortzen ditu.

  1. Polizia-merezimenduaren domina, bereizgarri zuria duena. Jokabide eredugarriak saritzen ditu, hala nola, zailtasun edo garrantzi handiko polizia-zerbitzuetan, -operatiboetan edo -jardueretan arrakastaz parte hartzea, ibilbide profesional bikaina bete izana edo kidegoaren izen onerako edo zerbitzurako erabilgarritasun handiko lan edo ikasketa profesionalak edo zientifikoak egin izana.

  1. Zorionak. Idatziz zoriontzen diren eta agenteen espediente pertsonalean jasotzen diren merezimenduzko jarduerak txalotzen dituzte. Hiru zorion, gutxienez, jasotzeak bereizgarri zuriko polizia-merezimenduaren domina jasotzea eragin dezake, organo eskudunak aztertu ondoren.

  1. Polizia-zerbitzuaren diploma, bereizgarri gorria duena. Zerbitzu efektiboan 30 urte bete dituztenen ibilbide profesionala aitortzen du.

  1. Polizia-zerbitzuaren diploma, bereizgarri zuria duena. Zerbitzu efektiboan 20 urte bete dituztenen ibilbide profesionala aitortzen du.

  1. Heriotza kasuan polizia-lana aitortzeko neurria, zerbitzu-egintzan hilez gero edo hirugarren batek legez kontra egindako egintza baten ondorioz poliziak bere lan-jardunean izandako kalteengatik hilez gero edo polizia izateagatik beragatik hilez gero. Jaraunsleentzako prestazio ekonomikoa dakar.

  1. Desgaitasunagatiko nahitaezko erretiroaren kasuan polizia-lana aitortzeko neurria, hirugarren batek legez kontra egindako egintzaren ondorioz poliziak bere lan-jardunean izandako kalteengatik edo polizia izateagatik beragatik desgaitasun-egoeran geratuz gero. Ertzaintzako edo udaltzaingoetako agentearentzako prestazio ekonomikoa dakar.

  1. Domina urdina. Beste segurtasun-kidego bateko pertsona batek, larrialdietako eta babes zibileko zerbitzu publikoek, segurtasun pribatuko zerbitzu batek edo herritar batek segurtasun publikoaren defentsan egindako ekintza garrantzitsuak aitortzen ditu.

  1. Ohorezko plaka. Erakundeek, elkarteek edo edozein zerbitzu publikok edo pribatuk segurtasun publikoaren defentsan egindako ekintza garrantzitsuak aitortzen ditu.

Polizia-merezimenduaren domina guztiak merezimendutzat hartuko dira lanpostuak betetzeko deialdietan eta bi kidegoetako barne-promozioko deialdietan.

Goraipamen horiek emateko prozedura ofizioz has daiteke, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren eskutik (Ertzaintzaren kasuan) edo Euskal Autonomia Erkidegoko udalen eskutik (udaltzaingoen kasuan), betiere agentearen beraren ekimenez, agintariek eskatuta edo pertsona onuradunaren gorako buruek, lankideek edo haren mendeko pertsonek gomendatuta. Barne-ebaluazioaren ondoren, organo eskudunak kasuan-kasuan bidezko jotzen duena ebatziko du.

Jaitsi erantsitako dokumentua