Eduki publikatzailea

Eusko Jaurlaritzak eskola-garraioaren segurtasuna zainduko du
2023-01-15
Urtarrilaren 16tik 20ra bitartean, adingabekoen ikastetxeetarako garraioaren zaintza areagotuko du. Besteak beste, segurtasun-uhalen erabilpena, ibilgailuetako seinaleztapena eta laguntzailearen presentzia egiaztatuko dituzte.
Ertzaintzak, udaltzaingoekin elkarlanean, eskola-garraioaren zaintza eta kontrola indartuko ditu Euskadin urtarrilaren 16tik 20ra bitartean, adingabekoen bide-segurtasuna zaintzeko.
Alde batetik, egiaztatuko dute garraioak administrazio-baimenei, ibilgailuen baldintza teknikoei eta beste hainbat alderdiri buruz legez ezarritako baldintzak betetzen dituen. Beste alde batetik, adingabekoek, gidariak eta laguntzaileak segurtasun-uhala erabiltzen duten ere egiaztatuko dute. Horrez gainera, eskola-umeen segurtasunarekin lotutako neurriak ere egiaztatuko dituzte, besteak beste, ibilgailuen seinaleztapena eta joan-etorrietan zaindu beharko dituen pertsona helduaren presentzia.
Sonia Díaz de Corcuera Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendariaren esanetan: “Adingabekoen mugikortasun segurua gure lehentasunetako bat da, eta, horregatik, urtea garraio-mota horren kontrolak indartuz hasiko dugu, arriskuko portaerak saihesteko eta istripuei aurrea hartzeko”.
Kontuan izan behar da eskola-garraioan aritzen diren ibilgailuen kasuan 10 km/h murrizten dela herritik kanpora ibilgailu-motaren arabera ezartzen den gehieneko abiadura.
Kontrolak, ahal izanez gero, ikastetxeko instalazioetan egingo dira, ibilgailua helmugara iristen denean eta ikasleak jaisten direnean.