Eduki publikatzailea

Ertzaintzak lankidetza-protokoloa izenpetu du Gueñeseko Udaltzaingoarekin
2023-03-20
Gueñesko Udalak eta Ertzaintzak lankidetza-protokoloa sinatu dute gaur bertako herritarren bizi-kalitatea eta segurtasuna hobetzeko. Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren baliabideek koordinatuta jardungo dute eta txandak egingo dituzte segurtasun-zerbitzuak emateari inoiz ez uzteko.
Gaur, martxoak 20, astelehena, lankidetza-hitzarmena sinatu dute Ertzaintzak eta Gueñeseko Udaltzaingoak bertako herritarren bizi-kalitatea eta segurtasuna hobetzeko eta, modu horretara, bi polizia-kidegoen polizia-baliabide operatiboak optimizatu ahal izateko.
Hitzarmena sinatzeko ekitaldia Gueñeseko udaletxean egin dute Juan Andrés Iragorri herriko alkateak eta Balmasedako Ertzain-etxeko eta Gueñeseko Udaltzaingoko buruak.
Protokolo horren bidez, udalerriko polizia-baliabideak optimizatuko dira, modu horretara herritarrek segurtasun publikoaren arloan dituzten beharrei erantzuteko. Horretarako, elkarlanerako arauak zehaztu dituzte, zerbitzuak eta betebeharrak banatu dituzte, polizia-jardunbideen titulartasunak definitu dituzte, elkarlaneko jarduera-planak edo -protokoloak prestatu dituzte eta koordinazio-irizpideak ezarri dituzte, dauden baliabideak behar bezala erabiliko direla ziurtatzeko eta, aldi berean, herrian poliziaren presentzia etengabea eta nabarmena izango dela bermatzeko.
Protokoloak polizia-intereseko informazioa, tarteka nahiz berehala, partekatzeko mekanismoak ezartzeko aukera ere emango du, bai eta premiazko polizia-komunikazioak arautzekoa ere.
Gaurko protokoloa sinatu aurretik, Segurtasun Sailaren eta Gueñesko Udalaren arteko lankidetza-hitzarmena sinatu zen.
Aurten Ertzaintzaren eta Enkarterriko udalen artean sinatzen den era horretako bigarren hitzarmena da, urtarrilean sinatu baitzen protokoloa Alonsotegiko Udalarekin. Bi hauen ondoren Balmasedako Ertzain-etxearen eta Balmasedako eta Zallako udaltzaingoen arteko protokoloak sinatuko dira.