Eduki publikatzailea

Leioan atxilotu dute etxebizitza batean indarra erabiliz lapurreta egiteagatik
2023-03-22
Leioako udaltzainek eta Ertzaintzako agenteek 40 urteko gizon bat atxilotu dute herriko etxe batean indarra erabiliz ustez lapurreta egin ondoren. Atxilotuak espetxean sartzeko errekisitoria judizial bat zuen aurretik.
Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren lan koordinatuari esker atzo, asteartea, arratsaldean, Leioako Artaza auzoko etxe batean indarra erabiliz ustez lapurreta egin zuen gizon bat atxilotu dute.
Bi kidegoetako agenteek 14:50ean izan zuten lapurretaren berri, eta ertzainak lapurreta egin zuten etxera joan eta leihoa metalezko barra batekin behartu zutela egiaztatzen zuten bitartean, udaltzainek inguruak miatu zituzten, eta parke batean aurkitu zuten egitateekin zerikusia izan zezakeen pertsona bat.
Udaltzainek gizona miatu zuten, eta lapurtutako piezak zituen bitxiontzi bat aurkitu zioten bere gauzen artean. Pertsona horrek zeramatzan objektu horiek etxebizitzatik lapurtutakoak zirela egiaztatu zutenean, indarra erabiliz lapurreta egiteagatik atxilotu zuten.
Atxilotua Ertzaintzaren egoitzara eraman zuten zegozkion polizia-eginbideak hasteko, eta agenteek egiaztatu ahal izan zuten espetxean sartzeko agindu judizial bat zuela indarrean Genero Indarkeriako Epaitegi baten erabakia urratu izanagatik.
Jabetzaren aurkako delituengatik polizia-aurrekariak dituen atxilotua gaur goizean jarri dute agintari judizialaren eskuetan Getxoko Guardiako Epaitegian.