Eduki publikatzailea

Bi gizon ikertu dituzte haxixa etxeetara bidaltzeagatik
2023-03-27
Bilboko Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren operazio bateratu bati esker amaitutzat eman dituzte haxixa saltzen zuen sare baten jarduerak, mezularitza-enpresen bidez bidalketak egiten baitzituen Espainiako hainbat lekutako etxeetara. Bi gizonak agintari judizialaren esku jarri dituzte ikertu gisa, eta guztira 650 gramo haxix atzeman dizkiete.
Joan den astean, Bilboko Udaltzaingoko Kriminalistika Orokorreko Ikuskaritzak eta Sestaoko Ertzain-etxeko Ikerketa Atalak operazio bateratu bat burutu zuten, eta horren ondorioz bi gizon identifikatu eta agintari judizialaren eskuetan jarri dituzte ikertu gisa osasun publikoaren aurkako delituak leporatuta.
Bilboko Udaltzaingoak izan zuen bi pertsona horien legez kontrako jardueraren berri. Jakin zuen mezularitza-enpresak erabiltzen zituztela Espainiako hainbat lekutara haxixa bidaltzeko, eta, horren aurrean, bere eskumen-esparruko gaia izanik, zegokion ikerketa hasi zuen.
Hala ere, bi susmagarriak Bizkaiko bi herri ezberdinetan bizi zirela egiaztatu zuenean, Ertzaintzaren laguntza eskatu zuen. Hori dela eta, Sestaoko Ertzain-etxeko ikerketako agenteek, udaltzainekin koordinatuta, Burgosera bidalitako 350 gramo haxix atzeman zituzten bidean.
Bidalitako droga konfiskatu ondoren, agente jarduleek bi gizonak identifikatu zituzten eta horietako bati beste 300 gramo haxix atzeman zizkioten. Gero, biei deklarazioa hartu zieten ikertu gisa osasun publikoaren aurkako delituengatik, eta egitateen berri Guardiako Epaitegiari eman zioten.