Eduki publikatzailea

23_0237 Balmaseda, Ertzaintzak eta Udaltzaingoak lankidetza-protokoloa izenpetu dute

Balmaseda, Ertzaintzak eta Udaltzaingoak lankidetza-protokoloa izenpetu dute

Prentsa Zerbitzua

2023-04-20

Ertzaintzak eta Balmasedako Udaltzaingoak lankidetza-protokoloa sinatu dute gaur bertako herritarren segurtasuna hobetzeko. Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren baliabideek koordinatuta jardungo dute, eta txandak egingo dituzte segurtasun-zerbitzuak emateari inoiz ez uzteko

Gaur, apirilak 20, osteguna, goizean, lankidetza-protokoloa izenpetu dute Ertzaintzak eta Balmasedako Udaltzaingoak, bi polizia-kidegoen polizia-baliabide operatiboak optimizatu ahal izateko eta, modu horretara, bertako herritarren bizi-kalitatea eta segurtasuna hobetzeko.

Protokoloa izenpetzeko ekitaldia Balmasedako udaletxean egin da, eta bertan elkartu da Balmasedako Udaltzaingoaren buruak eta Balmasedako Ertzain-etxeko komisario buruak osatutako Koordinazio Operatiborako Mahaia.

Protokolo horren bidez, udalerriko polizia-baliabideak optimizatuko dira, modu horretara herritarrek segurtasun publikoaren arloan dituzten beharrei erantzuteko. Horretarako, elkarlanerako arauak zehaztu dituzte, zerbitzuak eta betebeharrak banatu dituzte, polizia-jardunbideen titulartasunak definitu dituzte, elkarlaneko jarduera-planak edo -protokoloak prestatu dituzte eta koordinazio-irizpideak ezarri dituzte, dauden baliabideak behar bezala erabiliko direla ziurtatzeko eta, aldi berean, herrian poliziaren presentzia etengabea eta nabarmena izango dela bermatzeko.

Protokoloak polizia-intereseko informazioa, aldian-aldian nahiz berehala, partekatzeko mekanismoak ezartzeko aukera ere emango du, bai eta premiazko polizia-komunikazioak arautzekoa ere.

Protokolo hori Segurtasun Sailak eta Balmasedako Udalak otsailan sinatu zuten Lankidetza Hitzarmenean ezarritakoaren arabera gauzatuko da.

Gaur izenpetu denarekin, jada lau dira Ertzaintzaren eta Enkarterriko udalerrietako udaltzaingoen artean aurten izenpetu diren lankidetza-protokoloak; aurretik Alonsotegin, GueƱesen eta Zallan izenpetu ziren.

Jaitsi Argazkia