Comisiones de ambito local-eu

Tokiko Polizia-koordinaziorako Batzordeak

Tokiko polizia‐koordinaziorako batzordeak polizia‐zerbitzuen esku‐hartzeak koordinatzeko organoak dira, Autonomia Estatutuaren 17. artikuluko 4. paragrafoan Ertzaintzaren eta Estatuko Segurtasun Indar eta Kidegoen arteko koordinazioari buruz xedatutakoaren kalterik gabe.

Herri‐mailako poliziak koordinatzeko batzordeak eratuko dira hiriburuetan eta Ertzaintzaren lurralde‐mugape bakoitzean, arauz ezarritako baldintzetan.

Herri‐mailako poliziak koordinatzeko batzordeetan egongo da Ertzaintzako eta dagokion lurralde‐mugapeko udaltzaingoko arduradunik eta bai polizia‐kidego propiorik ez edukitzeagatik bat egiten duten beste udalerrietako arduradunik ere.

Ertzaintzaren eta Udaltzaingoen polizia‐zerbitzuen koordinazioa eta lankidetza dira tokiko polizia‐koordinaziorako batzordeen helburua, esleituta dituzten eginkizunak betetzen dituztenean, betiere, kidego bakoitzaren eskumenak errespetatuz; horretarako, hauek egin ahal izango dituzte:

  • Dagokion lurralde‐esparruan, segurtasun publikoaren egoera aztertzea.
  • Polizia‐ eta delitu‐jardueren hilabeteko laburpenak, informazioa eta datu estatistikoak trukatzeko prozedurak eta eduki zehatzak ezartzea, udalerri bakoitzean udalerriko segurtasunerako garrantzitsutzat jotzen diren alderdiak zehaztuz.
  • Jarduteko irizpide berdinak sortzea denentzat eta prebentzioko segurtasunaren arloko erantzukizun operatiboak banatzea, eta lankidetzarako arau eta prozedurak finkatzea.
  • Delitu‐egintzak prebenitzeko protokolo eta jarduera‐planak egitea, segurtasun publikoaren plangintzatik eratorritako irizpide eta jarraibideak kontuan hartuta.
  • Ertzaintzak toki‐erakundeei legez ezarritako kasuetan egindako laguntza‐eskabideez arduratzea, horien gaineko informazioa ematea eta bideratzea.
  • Polizia‐zerbitzuen artean elkarrekiko informaziorako eta datuak koordinatzeko sistemak aplikatzean sor daitezkeen gorabeherak ebaztea.
  • Batzordearen esparruan jarduten duten Euskal Herriko polizia‐kidegoen arteko gorabeherez arduratzea. Tokiko polizia‐koordinaziorako batzordeen osaera eta araubidea erregelamendu bidez arautuko dira.