Eduki publikatzailea

Eginkizunak

Segurtasuna Koordinatzeko Zuzendaritzari honako eginkizun hauek dagozkio:

  • Udaltzaingoen kidegoak sortzeko baimen-eskaerak izapidetzea, izapide hori legez beharrezkoa denean.

  • Euskadiko udaltzaingoen erregistroa kudeatzea eta udaltzainen akreditazio profesionalerako agiriak prestatzea.

  • Arauen esparrua finkatzea, Udaltzaingoen kidegoen antolamendu- eta funtzionamendu-erregelamenduak esparru horretara egokitu dadin.

  • Udaltzaingoen kidegoak profesionalki egiaztatzeko behar den egitura, langileen zerrenda, baliabide teknikoak, uniformeak eta dokumentazioa homogeneizatzea sustatzea.

  • Udaltzainen araubide juridikoa finkatzea.

  • Udalerrien arteko lankidetza eta elkarlana aurreikustea eta sustatzea, inoiz premiazko egoera bereziren batean halakorik behar izanez gero, laguntza hartu edo eman ahal izateko.

  • Informatika- eta telekomunikazio-estandarrak ezartzea, datuak eta txostenak transmititu ahal izateko eta gorabeherak zein baliabideak kudeatzeko eta bideratzeko.

  • Erregelamendu bidez ezartzea zer arma-mota erabil ditzaketen udaltzainek.

  • Udaltzain uniformatuen uniformeen, intsignien, bereizgarrien, ekipoaren, ibilgailuen eta gainerako osagarrien ezaugarri komunak ezartzea, udaltzainen eraginkortasun operatiboa eta identifikazio publikoa bermatzeko, hargatik udal bakoitzak beren berezko elementuak gehitzea eragotzi gabe.

  • Tokiko erakundeei informazioa eta aholkularitza ematea, horrelakorik behar izanez gero.

  • Koordinatzeko lanabesak ikuskatzea.

  • Euskal Herriko Poliziaren Ikastegiarekin lankidetzan aritzea, Euskal Autonomia Erkidegoko udaltzainak hautatzeko oinarrizko irizpideak zehazten eta ikastegi horretan sartzeko, etengabeko prestakuntzako, espezialitateko eta gora egiteko ikastaroak antolatzen.

  • Udaltzainen prestakuntza profesionala koordinatzea.

  • Baimen-eskaerak izapidetzea, udalerriek hitzartu ahal izateko udaltzaingoko funtzionarioek, banaka zehaztuta, beste udal-mugarte batzuetan jardutea izan dezaten, aldi jakin batean, zerbitzuen aldi baterako gutxiegitasuna dela-eta langile-talde baten zuzkidura indartzea beharrezko denean.

  • Euskal Udalen Elkartearen eskabideak izapidetzea, polizia-zerbitzuak legez ezarritako betebeharrak beteta, baldin eta haien kabuz ez dutenean behar beste baliabide.

Euskal Herriko Poliziari buruzko legearen 27. artikuluan xedatzen denaren arabera, Udaltzaingoek honako eginkizunak bete behar dituzte

  • Udalerrietako agintariak babestea eta haien eraikuntza eta instalakuntzak jagon edo zaintzea.

  • Hiriguneko zirkulazioa antolatu, seinalizatu eta zuzentzea, zirkulazio-arauetan ezarritakoaren arabera.

  • Hirigunean gertatzen diren  zirkulazio-instripuen ondoko argiketak izapidatzea.

  • Ordenantza, Bando eta gainerako udal xedapen eta ekintzei buruzko Administrazio-Polizia lanak, eta baita ingurugiroari eta bazter-txokoei kasu egiteko indarrean dagoen legedia bete dadin ardura hartzea ere, gai horiekikoan toki-erakundeek dituzten aginpideen eremuan.

  • Auzi-Poliziaren zereginetan parte hartzea, Auzi-Poliziako Unitateei lagunduz.

  • Istripuak, hondamendiak edo ezbehar publikoak gertatzen direnean laguntza ematea, legeetan ohartematen den moduan herribabeseko planak burutzerakoan esku hartuz.

  • Aurrea hartzeko eginbideak eta lege-hauste diren egintzak eragoztera zuzendutako iharduketa oro burutzea.

  • Leku publikoak zaintzea eta manifestazioak babesten,hala nola jende-bilera handietako ordena mantentzen laguntzea, hori egiteko eskatzen zaienean.

  • Gatazka pribatuei irtenbidea bilatzen laguntzea, hori egiteko eskatzen zaienenean.

Udalerrien eskumenak

Toki araubidearen oinarriak arautzen dituen Legeak, 25. artikuluan, udalerriek beren gain hartu beharreko eskumenak ezartzen ditu, eta horien garapenean zeregin garrantzitsua du udaltzaingoak.

Udalerriak izango ditu, Estatuko eta Autonomia Erkidegoetako legediek ezarritako baldintzetan, honako alorretako eskumenak:

  • Toki publikoetako segurtasuna.

  • Hiri-bideetako ibilgailuen eta pertsonen trafikoaren antolakuntza.

  • Babes zibila eta suteak prebenitzeko eta itzaltzeko lanak.

  • Hirigintzaren antolamendua, kudeaketa, gauzatzea eta diziplina: etxebizitza, parke eta lorategien sustapena eta kudeaketa, hiri-bide publikoen zolaketa eta landa-bideen zaintza.

  • Historia- eta arte-ondarea.

  • Ingurumenaren babesa.

  • Hornidurak, hiltegiak, azokak, merkatuak eta erabiltzaileen zein kontsumitzaileen defentsa.

  • Osasun publikoaren babesa.

  • Lehen mailako osasun-arretaren kudeaketan parte hartzea.

  • Hilerriak eta hileta-zerbitzuak.

  • Gizarte-zerbitzuak, gizarte-sustapeneko zerbitzuak eta gizarteratzeko zerbitzuak ematea.

  • Ur-hornidura eta argiteria publikoa: bide- eta kale-garbiketa zerbitzuak, hondakinak bildu eta tratatzeko zerbitzua, estolderia-zerbitzua eta hondakin-urak tratatzeko zerbitzua.

  • Bidaiarientzako garraio publikoa.

  • Kultura- eta kirol-jarduerak zein instalazioak: aisialdia betetzea: turismoa.

  • Hezkuntzaren programazioan parte hartzea eta hezkuntza-administrazioarekin elkarlanean aritzea ikastegi publikoak sortzeko, eraikitzeko eta mantentzeko zereginetan; ikastegietako kudeaketa-organoetan esku hartzea; eta nahitaezko eskolatzea betearazteko prozesuan parte hartzea.