Eduki publikatzailea
Irungo kalamu-elkarte baten arduraduna atxilotu dute droga-trafikoagatik
2026-06-02
Ertzaintzako agenteek, Irungo Udaltzaingoarekin elkarlanean egindako operatibo baten ondorioz, hiriko kalamu- elkarte bateko arduraduna, 35 urteko gizon bat, atxilotu dute, osasun publikoaren aurkako ustezko delitu bat egotzita. Elkartearekin lotutako beste bost pertsonari eginbideak ireki dizkiete ikertu gisa. Lokalean substantzia sorgorgarriak aurkitu dituzte, pisatzeko elementuekin eta droga banatzeko materialarekin batera.
Joan den otsailean, Ertzaintzak eta Irungo Udaltzaingoak ikerketa bateratu bat jarri zuten abian, azken hilabeteetan udaltzainek hiriko kalamu-elkarte batean irregulartasun nabarmenak hauteman baitzituzten, elkartearen estatutuetan ezarritakotik kanpo, eta ondorioztatu zuten bertan legez kanpoko jarduerak egiten ari zirela.
Lokala partikularrei substantzia sorgorgarriak saltzeko erabiltzen zutela aditzera ematen zuten ageriko zantzuen aurrean, hurrengo asteetan zaintza-dispositiboak ezarri zituzten elkartearen inguruan. Kontroletan ikusi ahal izan zutenez, normalean, eguneko edozein ordutan, elkartetik kanpoko pertsonak joaten ziren substantziak erostera elkartetik kanpora kontsumitzeko, eta kanpoan hainbat konfiskazio egin zituzten.
Horren aurrean, eta beharrezko frogaketak egin ondoren, joan den ostegunean, maiatzaren 28an, lokalean sartu eta miaketa egin zuten, eta haxix eta marihuana kopuru esanguratsuak konfiskatu zituzten, doitasun-baskulekin eta salgaia banatzeko materialarekin batera.
Beharrezko egiaztapenak egin ondoren, elkartearen arduraduna, europar jatorriko 35 urteko gizona, atxilotu zuten, osasun publikoaren aurkako ustezko delitu bat leporatuta. Bestalde, eginbideak ireki dizkiete, ikertu gisa, jatorri bereko 70, 37, 36 eta 31 urteko beste lau gizoni eta espainiar nazionalitateko 30 urteko beste gazte bati.
Polizia-egoitzan beharrezko eginbideak amaitu ondoren, atxilotua epailearen eskuetan jarri dute.





























