Eduki publikatzailea
01_0193 Ertzaintzak prebentziozko zaintza eta ikerketa azpimarratzen ditu Gipuzkoako ikastetxeetako lapurretei aurre egiteko

2020ko irailetik 29 delitu erregistratu dira
Ertzaintzak prebentziozko zaintza eta ikerketa azpimarratzen ditu Gipuzkoako ikastetxeetako lapurretei aurre egiteko
2021-03-12
Ertzaintza 2020ko azken hiruhilekotik ari da Gipuzkoako hainbat mugapetako ikastetxeetan izandako lapurreten bilakaera ikertzen. Iazko irailetik, Ertzaintzak 29 lapurreta edo lapurreta-ahalegin ikertu ditu, eta ustezko lapurren profila aztertu du. Orain arte ez da atxiloketarik izan.
Lapurretak jasan dituzten ikastetxeen eskualdeetako ertzain-etxeek salaketak ikertu dituzte eta ikastetxe horiekin harremana ezarri dute. Horietako hamaika Hernaniko mugapekoak dira, sei Irungoak, bost Donostialdekoak, hiru Urola-Kostakoak eta Errenteriakoak eta bat Tolosaldekoa.
Aztertutako gertakarien arabera, lapurreta horietako batzuetan hesiak, leihoak eta ateak behartu dituzte, eta beste batzuetan, berriz, ikastetxea irekita dagoen orduetan sartu dira gela batzuetan. Lapurren helburu nagusiak teknologiako materiala, ordenagailuak eta dirua izan dira. Kasu batzuetan kalteak egin dituzte sarbideetan, baina lapurrek ez dute ezer eraman, zenbait kasutan alarmaren eraginez eta beste batzuetan, berriz, presaka ihes egin dutelako atxilotu ez zitzaten.
Ertzaintza delitu horien tipologia ikertzen ari da: kasurik gehienetan eremu geografiko batean pilatu izana, lapurrek ihes egiteko erabiltzen dituzten bideak eta ibilgailuak eta, lapurretetako batzuetan, ustezko talde-planifikazioa. Poliziak lapurtutako materialaren arrastoari ere jarraitzen dio, eta lapurtutako objektuak errezibitu dituzten pertsonak identifikatu ditu, errezibitzea ere delitua baita.
Polizia-planak prebentzioa azpimarratzen jarraituko du delituek gora egitea eragozteko, eta, aldi berean, ikertzen jarraituko du egindako lapurretak argitzeko.