Eduki publikatzailea
21_ 0540 Ertzaintzaren zuzendariak berriz ere herritarren erantzukizuna eskatu du pandemia gainditzeko

Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean
Ertzaintzaren zuzendariak berriz ere herritarren erantzukizuna eskatu du pandemia gainditzeko
2021-07-18
Gaur goizean Rodrigo Gartzia Ertzaintzaren zuzendariak Eusko Jaurlaritzaren dekretu berria urratzen duten pertsona-pilaketen aurrean Euskadiko Poliziak egindako jarduketen balantzea egin du. Azpimarratu du Euskadiko hainbat herritan araudia urratu bada ere, ez dela istilu aipagarririk izan, Lekeition, Plentzian eta Santurtzin izan ezik.
Asteburuan balantzea, orokorrean, positiboa izan da, nahiz eta istilu batzuk gertatu diren, batez ere Bizkaian, zehazki Plentzian, Santurtzin eta Lekeition. Herri horietan pertsona multzoak elkartu dira Eusko Jaurlaritzaren dekretua urratuz.
Udalerri horietan araudia betearaztera hurbildu diren polizia-baliabideak iraindu egin dituzte, eta botilak eta bestelako objektuak bota dizkiete sakabanatzeko eskatu dietenean. Gero edukiontziak eta hesiak gurutzatu dituzte agenteen lana oztopatzeko asmoz. Euskadiko gainerako herrietan botiloia egiteko elkartuta zeuden pertsona multzoak arazorik gabe sakabanatu dira.
Istilu horiek gorabehera, zuzendariak azpimarratu du euskal herritar gehienen jokabidea arduratsua izan dela, eta ahalegintzen jarraitzeko eskatu du, uda amaitzean egoera egungoa baino hobea izan dadin.
Zigorrak
Elkarrizketan Ertzaintzak eta udaltzaingoek lehenengo alarma-egoeran jarritako isunez ere hitz egin du, Konstituzio Auzitegiaren azken epaiaren ondoren tramitazioak etenda geratu baitira. Zuzendariak adierazi duenez, egungo egoera kontuan hartuta, zigortzeko eta gaitzesteko modukoak ziren portaerak zigortu izan ez balira, egoera oraindik ere okerragoa izango zen osasunaren ikuspegitik.
Ertzaintzaren zuzendariak erabat babestu du Ertzaintzaren jarduera, eta adierazi du, udaltzaingoekin koordinatuta, beti une bakoitzeko egoeren araberakoa izan dela.
Lau atxilotu Donostian desordenak leporatuta
Gaueko 00:00etatik goizeko 06:00etara jende-pilaketak debekatzen dituen lehendakariaren dekretu berrian ezarritako murrizketak alde batera utzita, goizaldeko 06:15 aldera istiluak gertatu dira Donostiako Alde Zaharrean. Istilu horietan 19 urtetik 21 urtera arteko lau gazte atxilotu dituzte desordena publikoak leporatuta, eta horietako hiruri agintaritzaren agenteen aurkako atentatua ere leporatu diete.
Partikularren deien bidez jakin ahal izan da hainbat pertsona borrokan eta elkarri objektuak botatzen ari zirela. Ertzaintzaren baliabideak hurbildu direnean, istiluen lekukoek adierazi diete borrokan ari zirenek alde egin dutela oinezkoen eta Alde Zaharreko eraikinen kontra botilak botatzen aritu ondoren. Agenteek gero aurkitu dituzte susmagarriak, eta hauek aurre egin diete eta botilak bota dizkiete. Agenteek atzeman dituztenean, atxilotu eta polizia-egoitzara eraman dituzte.
Audioa eta bideoa Irekian