Eduki publikatzailea

Donostian pertsona bat hil da sute batean
2021-03-25
Gaur goizaldean pertsona bat hil da Gipuzkoako hiriburuko Intxaurrondo auzoan izandako sute batean.
Goizaldeko 00:30 aldera, Intxaurrondo auzoko Garro kaleko bizilagunek larrialdietako zerbitzura deitu dute lau solairuko eraikin batean sua zegoela esanez.
Minutu gutxi batzuen buruan iritsi dira bertara Ertzaintza, suhiltzaileak, Donostiako Udaltzaingoa eta Osakidetzaren anbulantziak. Hasiera batean higiezineko portaletik atera dituzte eraikineko lehenengo bi solairuetako bizilagunak, eta suhiltzaileek erreskatatu dituzte goiko solairuetakoak.
Larrialdietako zerbitzuek jarduketan bertan ziurtatu dute higiezinean bizi zen 62 urteko emakume baten heriotza, eta beste 6 pertsona Donostia Ospitalera eraman dituzte kea arnastuta.
Gizarte-zerbitzuak arduratu dira higiezineko bizilagunei hoteletan ostatu emateaz.
Eguna argitzen hasi denean, Ertzaintzako ikerketa-zerbitzuak hurbildu dira sutea gertatu den lekura, sua zerk eragin duen argitzeko dagokion ikerketari hasiera emateko.