Eduki publikatzailea

21_0346 Ertzaintzak eta udaltzaingoek hainbat eta hainbat botiloitan esku hartu dute, eta parte-hartzaileak, orokorrean, gorabehera handirik gabe sakabanatu dira.

Leioan pertsona talde batek objektuak bota dizkie patruilei

Ertzaintzak eta udaltzaingoek hainbat eta hainbat botiloitan esku hartu dute, eta parte-hartzaileak, orokorrean, gorabehera handirik gabe sakabanatu dira.

Servicio de prensa

2021-05-09

Ertzaintza eta udaltzaingoak indarrean dagoen osasun-araudia betearazteko kontrol eta zaintza lanetan aritu dira atzo hasi eta gaur goizaldera arte. Poliziak prebentzio eta disuasio lanetan aritu dira, besteak beste, Bilbon, Getxon, Leioan, Berrizen, Lemoan eta Ordizian gauerdia baino lehen eta ondoren egin diren elkarretaratzeak edo botiloiak sakabanatzeko.

Leioan, Artazako parkean, istiluak izan dira goizaldeko ordu bi eta erdietan, hainbat pertsona baitzeuden elkartuta. Gazte talde batek objektuak bota dizkie herritarren babeserako bi patruilari, eta laguntza emateko agenteak eta Brigada Mugikorra mobilizatu dituzte, beraz.  Agenteak onik atera dira, eta, azkenean, hiru pertsona identifikatu dituzte eta isuna jartzeko proposatu dituzte osasun-araudia urratzeagatik (kalean edateagatik) eta errespetua galtzeagatik.

Beste herri batzuetan Ertzaintza eta udaltzaingoak prebentzio eta disuasio lanetan aritu dira, kalean alkohola edatea debekatuta dagoela behin eta berriz gogoratuz. Jende gehiena sakabanatu egin da patruilak iritsi direnean, esate baterako, Getxon, Berrizen, Bilbon (Artxandako merenderoan), Arrigorriagan, Santurtzin, Ordizian eta Lezon.

Pertsona batzuk identifikatu dituzte eta isunak jartzeko proposatu dituzte, eta, horrela, 55 akta bete dituzte gauerditik osasun-araudia urratzeagatik, hau da, maskara ez janzteagatik edo kalean edateagatik.

                                    Edukiontziak erre dituzte Eibarren eta Bilbon

Gaur goizaldean hamar edukiontziri su eman diete Eibarko herriguneko hainbat kaletan, eta Ertzaintza gertaera ikertzen ari da.  Suhiltzaileek esku hartu behar izan dute suak itzaltzeko.

Bilbon, gauerdi inguruan, bi edukiontziri erre dira Txotena kalean, eta aparkatuta zegoen ibilgailu bat kaltetu dute.