Eduki publikatzailea

21_0387 Ertzaintzak Aiarako bizitza bakarreko etxeetan egindako hogei bat lapurreta argitu ditu

Bi pertsona atxilotu dituzte lapurretekin lotuta

Ertzaintzak Aiarako bizitza bakarreko etxeetan egindako hogei bat lapurreta argitu ditu

Servicio de prensa

2021-05-22

Ertzainek bi gizon atxilotu zituzten maiatzaren 6an hogei bat lapurreta leporatuta. Lapurreta gehienak Aiarako herri ezberdinetako bizitza bakarreko etxeetan egin zituzten. Bestalde, Gernikako, Galdakaoko eta Elgoibarko beste hiru etxetan egindako lapurretak ere leporatu dizkiete. Agintari judizialaren eskuetan jarri ondoren, horietako bat Bizkaiko espetxean sartu zuten.

2020an eta 2021ean hogei bat lapurreta egin dituzte Arabako Aiara udalerriko hainbat herritako etxeetan, batez ere familia bakarreko etxeetan eta baserrietan, baina baita pisuren batean eta tresnak gordetzeko etxolaren batean ere. Lapurreta horietatik Zuatzako parrokian martxoan egindakoa nabarmendu daiteke, balio artistikoa eta kulturala duten objektu liturgikoak lapurtu baitzituzten bertatik.

Lapurrek higiezinetako ateak palanka bidez behartzen zituzten, kasu askotan kalte handiak eginez. Kasurik gehienetan bigarren etxebizitzak ziren, eta lapurretak gauez egin zituzten. Lapurrek zilarrezko, kobrezko eta brontzezko objektuak (esate baterako, argimutilak edo kafe-jokoak), erremintak (motozerrak, sasi garbitzeko makinak,…), maletak, koadroak, argazki-kamerak, eta abar lapurtzen zituzten.

Apirilaren erdialdera, ikerketaz arduratzen ari zen Laudioko Ertzain-etxeak susmagarri bat, era horretako delituengatik polizia-aurrekariak dituena, identifikatu zuen, eta bere jarduerak ikertzen hasi zen. Ikerketa horretan pertsona horrek saldu zituen eta aipatutako lapurreta horietako batzuetakoak ziren objektuak aurkitu zituzten Bilboko salerosketako denda batean.

Ertzaintza maiatzaren 6an sartu zen gizonaren Barakaldoko etxean, eta bertan eta bere autoan ondarearen kontrako delituekin zerikusia zuten ebidentzia ugari aurkitu zituen. Esku-hartze horretan ikertzen ari ziren gizona, 43 urtekoa, eta etxean zegoen bigarren inplikatu bat, 48 urtekoa, atxilotu zituzten.

Bi atxilotuak maiatzaren 7an jarri zituzten agintari judizialaren eskuetan, eta 43 urteko gizona Bizkaiko espetxean sartzeko agindua eman zuen. Gizon honek beste delitu batzuengatik espetxean sartzeko epailearen beste agindu bat ere bazuen indarrean.

Barakaldoko etxea miatu zutenean berreskuratu zituzten objektuei esker Gernikako, Galdakaoko eta Elgoibarko hiru etxetan egindako lapurretak argitu ahal izan dituzte. Ikerketaz arduratzen ari den taldeak argazki-album bat osatu du berreskuratutako objektuekin era horretako lapurretaren bat jasan duten pertsonentzat, eta Laudioko Ertzain-etxera hurbil daitezke objektuetakoren bat eurena den identifikatzen saiatzeko.

Jaitsi DOCUMENTO CON PRUEBAS FOTOGRÁFICAS (ROBOS)

Jaitsi ARGAZKI-FROGAK BILTZEN DITUEN AGIRIA (LAPURRETAK)