Eduki publikatzailea

21_0390 Atxilotua Getxoko etxebizitza batean lapurretan ari zenean

Arrastatua espetxean sartu zuten agintari judizialaren eskuetan jarri ondoren

Atxilotua Getxoko etxebizitza batean lapurretan ari zenean

Servicio de prensa

2021-05-23

Susmagarria ostiral arratsaldean arrastatu zuten Getxoko udaltzainek, lapurreta egiteko asmoz sartu zen etxetik ihes egin nahian ari zenean. Ertzaintza arduratu da lapurreta ikertzeaz, bi polizien arteko prebentzio eta koordinazio estrategiaren baitan izenpetutako polizia-lankidetzarako akordioei jarraituz. Eginbideak amaituta, arrastatua espetxean sartu zuten agintari judizialaren eskuetan jarri ostean.

Lapurreta ahalegina joan den ostiral arratsaldean, zazpiak eta laurdenean, gertatu zen Getxoko (Bizkaia) Algorta auzoko etxe batean. Dei baten bidez jakinarazi zuten bi pertsona higiezinean lapurretan ari zirela.

Ertzaintzako eta Getxoko Udaltzaingoko hainbat baliabide hurbildu ziren adierazitako lekura. Udaltzaingoaren patruila bat etxean sartu zen, eta, kanpoko aldea aztertzen ari zenean, pertsona bat ikusi zuen leiho batetik irten eta ihes egiten. Agenteetako bat susmagarriaren atzetik abiatu zen, eta handik laster harrapatu zuen Udaltzaingoaren beste patruila batek. Agenteek arrastatu egin zuten susmagarria, eta bere gauzen artean etxebizitzatik lapurtutako erloju bat eta perlazko lepoko bat aurkitu zizkioten. Horrez gainera, egiaztatu zuten lapurreta egindako etxeko balkoiko atea eta leiho bateko pertsiana behartuta zeudela.

Arrastatua Ertzaintzaren egoitzara eraman zuten, kidegoa arduratu baita lapurreta ikertzeaz, bi polizien arteko prebentzio eta koordinazio estrategiaren baitan izenpetutako polizia-lankidetzarako akordioei jarraituz.

Dagozkion polizia-eginbideak amaitu ostean, arrastatua, polizia-aurrekariak dituen 29 urteko gizona, atzo jarri zuten agintari judizialaren eskuetan, eta gero espetxera eraman zuten epailearen aginduz.