Eduki publikatzailea

21_0442 Ertzaintza eta Basauriko Udaltzaingoa bederatzi pertsona ikertzen ari dira, joan den igandean taldean gazte bati eraso egitea leporatuta

Ertzaintza eta Basauriko Udaltzaingoa bederatzi pertsona ikertzen ari dira, joan den igandean taldean gazte bati eraso egitea leporatuta

Servicio de prensa

2021-06-08

Basauriko Udaltzaingoak igande goizaldean abisu bat jaso zuen bertako Bizkotzalde parkean gazte talde bat beste gazte bati eraso egiten ari zela eta. Ertzaintza eginbideak instruitzen ari da ustezko lesio-delitu batengatik, eta Udaltzaingoarekin lankidetzan 18 urtetik 27 urtera bitarteko bederatzi gazte identifikatu ahal izan ditu, ikertu gisa, aipatutako erasoan ustez parte hartu izanagatik.

Ikertzen ari diren gertakarien arabera, erasoa igandean, ekainaren 6an, goizaldeko 02:30 aldera, gertatu zen Basaurin, Bizkotzalde parkean. Une hartan hainbat pertsona talde zeuden bertan.

Hasiera batean, talde bateko gazte bat beste gazte batengana hurbildu zen, eta hitz batzuk esan ondoren jotzen hasi zen. Une horretan talde bereko beste kide batzuk hurbildu ziren, eta ukabilkadak eta ostikoak ematen jarraitu zuten harik eta biktima lurrera erori zen arte. Inguruan zeuden eta gertatutakoa ikusi zuten hainbat lekukok esku hartu zuten erasotzaileak aldentzeko.

Lekura hurbildu zen Basauriko Udaltzaingoak anbulantzia bat eskatu zuen zauritua artatzeko, kolpe ugari baitzituen gorputz guztian, eta Galdakaoko ospitalera eraman zuten mediku-arreta jasotzera.  

Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren baterako lanari eta ikerketari esker identifikatu ahal izan dituzte bederatzi gazte, eta kasuan instruitutako eginbideetan erasoan parte hartzea leporatu zaie. Eginbideak amaitzen dituztenean, dagokion Epaitegira bidaliko dituzte.