Eduki publikatzailea

21_0454 Ertzaintzak hiru pertsona atxilotu ditu desordena publikoengatik eta desobedientziagatik goizaldean gertatu diren istiluetan

Ertzaintzak hiru pertsona atxilotu ditu desordena publikoengatik eta desobedientziagatik goizaldean gertatu diren istiluetan

Servicio de prensa

2021-06-13

Ertzainek hiru pertsona atxilotu dituzte Hondarribian eta Donostian, goizaldean izan diren hainbat istilutan inplikatuta egotea leporatuta. Kalean egiten ari ziren botiloiak sakabanatzean gertatu dira istiluak, jendeak ez baitzituen osasun-neurriak ere betetzen. Gertaera horietan gazteek objektuak bota dizkiete agenteei, eta Gipuzkoako hiriburuan edukiontziak gurutzatu dituzte Alde Zaharreko kale batzuetan.

Lehenengo atxiloketa Hondarribian egin dute goizaldeko hiruak eta hamarrean. Pertsona multzo handi bat Butron Pasealekuan elkartuta zegoen edateko asmoz, eta segurtasun-tarteak gorde gabe eta maskara jantzi gabe. Ertzainek iskanbilarik sortu gabe sakabanatu dituzte bertan zeuden pertsonak, baina handik bi ordura berriz itzuli dira. Bertaratuak berriz sakabanatzen ari zirenean, batzuk agenteei edalontziak eta botilak botatzen hasi dira, eta istilu horietan 20 urteko gazte bat atxilotu dute, desordena publikoen delitua eta agintaritzaren agentearen aurkako atentatuarena leporatuta.

Antzeko beste gertaera bat goizaldeko bostak aldera izan da Donostiako Gros auzoan. Kalean edaten ari zen pertsona talde handi bat jarduketara hurbildu diren ertzainei botilak botatzen hasi da.  Han zeuden hamar bat pertsona Alde Zaharrera joan dira, eta edukiontziak gurutzatzen hasi dira, eta bakarren bati su ere eman diote.

Ingurura hurbildu diren Ertzaintzako baliabideek bi pertsona arrastatu dituzte, horietako bat adingabea, istiluetan inplikatuta egotea leporatuta. Suhiltzaileen laguntza behar izan da San Juan eta Erregina Erregeordea kaleetan eta Sarriegi plazan sutan zeuden edukiontziak itzaltzeko.

Bi susmagarriei desordena publikoak eta kalteak egitea leporatu dizkiete, eta polizia-egoitzara eraman dituzte dagozkion eginbideak hasteko.

 

Hamasei isun-proposamen

Beste 16 pertsonari isun-proposamenak egin dizkiete azken orduotan agenteei begirunea galtzeagatik edo osasun-neurriak urratzeagatik. Gasteizen zortzi zehapen-espediente ireki dituzte agenteei errespetua galtzeagatik unibertsitateen inguruan egiten ari ziren botiloi batean. Berrogei bat pertsona ari ziren kalean alkoholdun edariak kontsumitzen. Beste zortzi pertsona identifikatu dituzte eta isunak jartzeko proposatu dituzte Gernika-Lumon, lokal batean osasun-neurriak urratzeagatik. Gipuzkoan, Urretxun, Ertzaintzaren patruilek botiloi bat sakabanatu dute bertako ikastetxe bateko patioan.