Eduki publikatzailea
21_0534 Bilbon atxilotu dute atzo emakume bati hankak eta eskuak lotu zizkion eta biktima bere autoan indarrez eramaten saiatu zen gizona

Bilbon atxilotu dute atzo emakume bati hankak eta eskuak lotu zizkion eta biktima bere autoan indarrez eramaten saiatu zen gizona
2021-07-15
Ertzainek gaur, osteguna, Bilbon, ostatu hartuta zuen lekuan, atxilotu dute atzo goizean Bilboko Indautxu auzoan gertaera larri bat eragin zuen 49 urteko gizona. Inplikatua biktimaren anaia da eta hainbat eratako delitu-aurrekariak ditu, eta biktimarengana hurbiltzea eta harekin komunikatzea eragozten zion epailearen agindua urratu zuen.
Atzo, asteazkena, goizeko 10:20an, Bilboko Indautxu auzoan hasi zen gertaera. Emakume batek autoa eraikineko sotoko solairuetako batean aparkatu zuenean, bertan zain zuen gizon bat, bere anaia, hurbildu zitzaion, eta, mehatxupean, hankak eta eskuak lotu zizkion zinta itsaskor lodi batekin. Gero autoan sartu zuen, eta erasotzaileak bolantean jarri eta kalera atera zuen autoa.
Kanpoan zeudenean, Pérez Galdós kalean, emakumeak hankak eta eskuak askatu ahal izan zituen, eta martxan zegoen autotik jauzi egin eta lurrera erori zen, zauri arinen bat edo beste eginez. Une horretan gidariak atzerako martxa sartu zuen atzeko atea irekita zuela, eta bolardo baten kontra txikitu zuen atea. Autoak kalteak egin zituen inguruan aparkatuta zegoen beste autoren batean ere.
Gero erasotzaileak ihes egin zuen biktimaren autoarekin, eta Areiltza doktorearen kalean abandonatu zuen. Gizonak giltzak, telefono mugikorra eta dirua hartu zituen, eta dirua ez beste guztia kaleko zakarrontzi batean aurkitu zuen Ertzaintzak.
Ertzaintza eta Bilboko Udaltzaingoa koordinatuta hasi ziren atzo ustezko erasotzailearen bila. Bestalde, erasoaren biktimak beharrezko arreta jaso zuen hasieratik polizia-zerbitzuen aldetik.
Gizona gaur, osteguna, lehenengo orduan atxilotu dute ostatu hartuta zegoen lekuan. Arrastatu duten agenteek Bilboko Ertzain-etxera eraman dute atxilotua, epailearen eskuetan jarri arte dagozkion eginbideak betetzen jarraitzeko.