Eduki publikatzailea
21_0537 Espetxean sartu dute emakume bati hankak eta eskuak lotzeagatik eta biktimaren autoan indarrez eramaten saiatzeagatik Bilbon atxilotutako gizona

Espetxean sartu dute emakume bati hankak eta eskuak lotzeagatik eta biktimaren autoan indarrez eramaten saiatzeagatik Bilbon atxilotutako gizona
2021-07-16
Joan den asteazkenean Indautxun gertaera larri bat eragin zuelako atzo Bilbon atxilotu zuten gizona atzo bertan sartu zuten Basauriko espetxean, agintari judizialaren eskuetan jarri ondoren. Inplikatua biktimaren anaia da eta hainbat eratako delitu-aurrekariak ditu, eta biktimarengana hurbiltzea eta harekin komunikatzea eragozten zion epailearen agindua urratu zuen.
Pasa den asteazken honetan, goizeko 10:20an, Bilboko Indautxu auzoan hasi zen gertaera. Emakume batek autoa eraikineko sotoko solairuetako batean aparkatu zuenean, bertan zain zuen gizon bat, bere anaia, hurbildu zitzaion, eta, mehatxupean, hankak eta eskuak lotu zizkion zinta itsaskor lodi batekin. Gero autoan sartu zuen, eta erasotzaileak bolantean jarri eta kalera atera zuen autoa.
Kanpoan zeudenean, Pérez Galdós kalean, emakumeak hankak eta eskuak askatu ahal izan zituen, eta martxan zegoen autotik jauzi egin eta lurrera erori zen, zauri arinen bat edo beste eginez. Une horretan gidariak atzerako martxa sartu zuen atzeko atea irekita zuela, eta bolardo baten kontra txikitu zuen atea. Autoak kalteak egin zituen inguruan aparkatuta zegoen beste autoren batean ere.
Gero erasotzaileak ihes egin zuen biktimaren autoarekin, eta Areiltza doktorearen kalean abandonatu zuen. Gizonak giltzak, telefono mugikorra eta dirua hartu zituen, eta dirua ez beste guztia kaleko zakarrontzi batean aurkitu zuen Ertzaintzak.
Ertzaintzak eta Bilboko Udaltzaingoak koordinatuta jardun zuten ustezko erasotzailearen bila, eta atzo, osteguna, lehenengo orduan atxilotu zuten Bilbon ostatu hartuta zegoen lekuan.
Ertzain-etxeko eginbideak amaitutakoan, atxilotua, 49 urtekoa, Bilboko Guardiako Epaitegiaren eskuetan jarri zuten arratsaldean, eta epaileak espetxean sartzeko agindua eman zuen. Gizona gaueko lehenengo orduan eraman zuten Basauriko espetxera.