Eduki publikatzailea

Tabernako zerbitzaria ere atxilotu zuten, erasotzaileetako bat ganibet batez zauritu baitzuen
Bilbo, hiru atxilotu taberna batean indarra erabilita lapurtzeagatik
2021-07-26
Ertzaintzako agenteek hiru gizonezko, 28 urteko bi eta 29 urteko bat, atxilotu zituzten atzo, igandea, goizean Bizkaiko hiriburuko Errekalde auzoko ostalaritza-establezimendu batean izandako lapurreta baten egileak direlakoan. Hiru atxilotuak lapurreta egin eta gutxira atzeman zituzten, tabernatik furgoneta batean ihes egin eta istripua izan ondoren. Tabernako zerbitzaria, 26 urtekoa, tabernako barraren atzean zeudela ikusirik, aurre egin zien, eta liskar horretan ganibet batez zauritu zuen lapurretako bat gerrialdean. Hori dela eta, zerbitzaria ere atxilotu zuten. Trafiko-istripuaren ondoren, zauritua ospitale batera eraman behar izan zuten, arma zuriz eragindako lesioak artatzeko.
Atzo goizeko zortziak baino zertxobait lehenago, Ertzaintzari ohartarazi zioten taberna batean lapurreta izan zela eta ustezko egileek furgoneta batean ihes egin zutela. Minutu batzuk geroago, ibilgailu horrek talka egin zuen San Adrian hiribideko semaforo gorri batean geldirik zegoen beste auto baten kontra. Herritarren babeserako eginkizunak betetzen ari ziren patruilak bertaratu zirenean, egiaztatu zuten atzemateagatiko istripuaren ondorioz ez zela zauriturik izan, baina furgonetan bidaiatzen zuten hiru pertsonetako batek odola zerion zauria zuela gerrialdean. Arakapenak egin ondoren, hirurak atxilotu zituzten, tabernan izandako lapurretaren ustezko egileak zirelakoan. Arma zuriz zaurituta zegoena Basurtuko Ospitalera eraman zuten anbulantzian, eta atxilotuen ibilgailua Bilboko Udaltzaingoaren dependentzietara eraman zuten.
Lapurreta izan zen tabernako zerbitzaria bertan zegoen oraindik —bildutako diruaren zati bat hartu zuten atxilotuek—.Zerbitzariak Ertzaintzari esan zionez, zukuak prestatzeko laranjak ganibetaz mozten ari zela ohartu zen kirol-jertseko txanoa jantzita zuten bi pertsona barraren zonara sartu zirela eta kaxa erregistratzailea irekitzen saiatzen ari zirela. Hori ikustean, haiengana jo, eta lehenik indarka eta gero borrokan hasi ziren. Borroka horretan hirugarren konplize batek ere parte hartu zuen. Erasotzaileek zerbitzaria jo zuten eta hark eskuan zuen labanarekin lapur horietako bat zauritu zuen. Ondoren, hiru erasotzaileak ihesean irten ziren. Tabernan zeuden bezeroek zerbitzariak esandakoa berretsi zuten. Hori ikusirik, zerbitzaria ere atxilotu zuten, lesio-delituaren akusaziopean. Zerbitzaria osasun-zentro batean artatu behar izan zuten traumatismoren bat baitzuen.
Atxilotu guztiak, arma zuriz zauritutakoa barne —sendagiria jaso zuen—, epailearen esku utzi zituzten atzo bertan, igandean.