Eduki publikatzailea

21_0596 Covid-19aren aurkako neurriekin lotutako gorabehera gutxi bart gauean

Ertzaintzak eta udaltzaingoek koordinatuta jardungo dute udan botiloiak eta bestelako elkarretaratzeak kontrolatzeko

Covid-19aren aurkako neurriekin lotutako gorabehera gutxi bart gauean

Servicio de prensa

2021-08-14

Bizkaiko eta Gipuzkoako herri batzuetan bakarrik esku hartu behar izan dute poliziek, bai Ertzaintzak bai udaltzaingoek, botiloiak edo eremu publikoetako festak eragozteko. Jarduketarik aipagarrienak goizaldean izan dira Bakion eta Donostiako Alde Zaharrean.

Pandemia hasi zenetik eta Covid-19ari aurre egiteko onartutako dekretuak ezartzen direnetik Ertzaintza eta udaltzaingoak ezarritako osasun-neurriak betetzen direla zaintzen ari dira. Ohiko zeregin horiek areagotu egiten dira asteburuetan eta udan, herritar gehiago aritzen baitira aisialdiaz gozatzen.

Gaur goizaldean, hain zuzen ere, Ertzaintzako eta udaltzaingoetako dispositibo koordinatuek Bizkaiko Bakio herrian esku hartu behar izan dute, goizaldeko ordu bata eta laurdenean hainbat gazte elkartu baitira, edateko asmoz, portu inguruan eta hondartzako pasealekuan.  Polizia ikusi dutenean, gazteak sakabanatu egin dira, baina behin eta berriz elkartu dira. Azkenean, 37 pertsona identifikatu dituzte eta 14 isun jarri dituzte indarrean dagoen araudia urratzeagatik. Bermeon, berriz, handik ordubetera, udaltzaingoak Ertzaintzaren laguntza eskatu du herrigunean elkartuta zeuden hainbat pertsona sakabanatzeko, eta horietako batzuek edalontziak eta botilak bota dizkiete agenteei.

Gipuzkoan jarduketarik aipagarrienak Donostiako Alde Zaharrean izan dira. Goizaldeko hiru eta erdiak aldera kaleak hustu behar izan dituzte, hainbat gazte talde kalean alkohola edaten ari baitziren. Jarduketan zehar objektuak bota dizkiete patruilei, baina kalean zegoen jendea arazo handirik gabe sakabanatu da. Pertsona bat istiluetan ustez inplikatuta egoteagatik identifikatu dute.

Bestalde, goizaldeko lauak laurden gutxi aldera ertzainak Hondarribiko kanpin baten ingurura joan dira, hainbat jende festan ari baitzen. Polizia ikustean, festan zeudenek alde egitea erabaki dute.