Eduki publikatzailea

21_0599 Ertzaintzak eta udaltzaingoek berriz esku hartu behar izan dute goizaldean osasun-neurriak betearazteko

Ertzaintzak eta udaltzaingoek berriz esku hartu behar izan dute goizaldean osasun-neurriak betearazteko

Servicio de prensa

2021-08-15

Polizia-baliabideek Euskadiko hainbat herritan esku hartu behar izan dute goizaldean Covid-19ari aurre egiteko ezarrita eta indarrean dagoen araudia betearazteko. Donostian, Portugaleten eta Gorlizen gazte taldeek istiluak sortu dituzte kaleko ospakizunen eta jende pilaketen aurrean poliziak esku hartu duenean.

Bezperan bezala, Gipuzkoan sortu dira bart gaueko lehenengo istiluak. Goizaldeko ordu bat eta hogei aldera, ertzain bati eraso egin diote garagardo-lata bat botata, Azkoitian polizia-autoan patruilatzen ari zenean. Ez dute ustezko erasotzailea aurkitzerik izan, berehala alde egin baitu eta jende artean ezkutatu baita.

Goizaldeko lauak laurden gutxiak aldera, Debako bizilagunek jakitera eman dute botiloia egiten ari zirela bertako hondartzan. Polizia-baliabideak lekura agertu direnean, bertaratuei megafonia bidez jakinarazi diete ezarritako neurriak urratzen ari zirela. Handik laster, Donostiako Udaltzaingoari edalontziak eta botilak bota dizkiote Alde Zaharreko Trinitate plazan izandako gertaera batera hurbildu direnean. Istiluetan liskarra izan dute bi pertsona taldek, eta horietako batek zauriak egin ditu esku batean. Ertzaintzako patruilek esku hartu ondoren, liskarrak baretu eta istilu-sortzaileak sakabanatu dituzte.

Bizkaian ere jende pilaketak izan dira goizaldean Portugaleteko Solar plazan eta La Canilla pasealekuan, eta polizia-baliabideek jendea sakabanatu behar izan dute. Istiluetan objektuak bota dizkiete patruilei. Gorlizeko pinudian ere istiluak sortu dira ordu bi eta erdiak aldera. Gazte talde batek aurre egin die Ertzaintzako Brigada Mugikorreko baliabideei eta Getxoko Ertzain-etxeko mugapean festak eragozteko prebentziozko operatiboan ari ziren patruilei. Lau pertsona identifikatu dituzte agenteei harriak eta bestelako objektuak botatzeagatik, eta dagozkien eginbideak irekiko dizkiete desordena publikoengatik.