Eduki publikatzailea

21_0697 Ertzaintzaren eta Basauriko Udaltzaingoaren prebentzio-lana areagotuko da San Migeletan jende-pilaketak eta botiloiak eragozteko

Ertzaintzaren eta Basauriko Udaltzaingoaren prebentzio-lana areagotuko da San Migeletan jende-pilaketak eta botiloiak eragozteko

Prentsa Zerbitzua

2021-09-24

Udalerriko segurtasuna aztertzeko eta gerta litezkeen gorabeherei aurrea hartzeko erantzun bateratu eta koordinatua emateko elkartzen den Koordinazio Operatiborako Mahaian egiten duten lanaren emaitza gisa, Ertzaintza eta Basauriko Udaltzaingoa berriz elkartu dira San Migeletan erantzun zabala eman ahal izateko.

Udan Euskadiko hainbat eta hainbat herritan hautemandako kasuak aztertu ondoren, Udaltzaingoak eta Ertzaintzak prebentzio-lana areagotuko dute COVID-19ari aurre egiteko neurriak zaintzeko. Prebentzio-ekintza horien baitan, batez ere, jada ezagunak diren mugak urratuko lituzketen jende-pilaketa handiak eragotzi nahi dira, bai eta jendeak botiloiak egitea eta, era horretara, Eusko Jaurlaritzak gizarte-jardueran ezarritako mugak jakinaren gainean urratzea ere.

Helburu horrekin, Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren patruilen presentzia etengabea izango da, eta edozein premiari erantzuteko edo laguntza emateko euren beharra izan daitekeen eremuetan nahiz indarrean dagoen araudia arduragabekeriaz urratu dezaketen eta botiloiak egin ditzaketen pertsona talde deskontrolatuak elkar daitezkeen eremuetan hedatuko dira. Botiloi batean parte hartzeak 600 eurora arteko zigorra ekar dezake, eta orain arte ehun bat pertsonari ireki diete espedientea arrazoi horrengatik Basaurin, Udalak emandako datuen arabera.

Horrez gainera, Koordinazio Operatiborako Mahaian hartutako neurrien baitan, Basauriko Udaltzaingoak San Migeleko ostalaritza-lokal guztiak bisitatu ditu beste herri batzuetan jasotako kasuistikaren berri emateko, elkarrekin lankidetzan jarduteko eta egun hauek normaltasunez igarotzeko. Bi polizia-kidegoek eskerrak eman nahi dizkiete ostalariei San Migel jaia eredugarria, gizalegezkoa izateko erakutsi duten jarrerarengatik eta inplikazioarengatik.

Jaitsi erantsitako dokumentua