Eduki publikatzailea

21_0835 Ertzaintzak hiru delitugile ezagun atxilotu ditu 2021eko martxoan Irungo banketxe batean ustez lapurreta egiten saiatzea leporatuta

Ertzaintzak hiru delitugile ezagun atxilotu ditu 2021eko martxoan Irungo banketxe batean ustez lapurreta egiten saiatzea leporatuta

Servicio de prensa

2021-11-27

• Inplikatuak delitu-historia luzea duten 53, 65, 69 urteko hiru gizonezko dira • Irungo lapurreta-ahaleginean ustezko lapurrek zuloa egin zuten banketxean sartzeko, baina atzera egin zuten langileak iritsi zirenean • Ikerketan pistola simulatu bat eta gertaerarekin zerikusia duten hainbat ebidentzia hauteman dituzte

Ertzaintzak aurtengo, 2021eko, martxoaren 24an Irungo banketxe batean indarkeria erabiliz lapurreta egiten saiatu ziren ustezko hiru lapurrak atxilotu ditu aste honetan Donostian, Pasaian eta Irunen. Ertzaintzako agenteek hilabete hauetan egindako ikerketei esker argitu ahal izan da lapurreta-ahalegina. Hiru arrastatuak Irungo Guardiako Epaitegiaren eskuetan jarri dituzte.
Hiru beteranoren lapurreta izan zen, hirurek polizia-aurrekari ugari baitituzte poliziaren artxiboetan. Martxoaren 24a baino lehen hasi ziren ustezko lapurrak Irungo Kolon Pasealekuan dagoen banketxera sartzeko zuloa prestatzen. Zuloa sarrera Luis Mariano kaletik duen eta aldamenean dagoen higiezin batean, obratan zegoen soto batean, egin zuten. Horma hormigoi armatuzkoa zen, eta burdinazko hagaxkak moztu egin zituzten haien tartetik igaro ahal izateko. 
Martxoaren 24 goizean, 07:07an sartu ziren lehenengo langileak banketxera, eta zuloa eta arma labur bat, pistola bat, zeraman pertsona baten besoa ikusi zituzten.  Harrapatu egin zituztela konturatu zirenean, lapurrek atzera egin zuten eta lapurreta egin gabe ihes egin zuten. Ertzaintzak berehala jaso zuen aipatutako banketxeko lapurreta-ahaleginaren abisua Aginte eta Kontrol Zentroan.  

                Lapurrak bilatzeko dispositibo zabala
Lapurrak banketxe barruan edo inguruko higiezinetako batean egon zitezkeela pentsatuta, Ertzaintzak dispositibo zabal bat hedatu zuen inguruan, eta bertan Irungo Ertzain-etxeko herritarren babeserako patruilek parte hartu zuten, eta gero Ertzaintzako esku hartzeko beste baliabide batzuk eta Bizkor patruilak batu zitzaizkien. Adierazi behar da Irungo Udaltzaingoaren laguntza ere izan zutela hasieratik. 
Hainbat ordutan bila ibili ondoren eta frogaketa batzuk egin ostean ez zuten inoren arrastorik aurkitu, eta lekua begiz ikuskatu zuten. Kasua ikertzen Irungo Ertzain-etxea hasi bazen ere, gero kasuaz Gipuzkoako Ikerketa Kriminaleko Lurralde Zerbitzua arduratu zen.
Ikerketak aurrera jarraitu zuen, eta, azkenean, delitu-aurrekari ugari zituzten hiru pertsonarengana mugatu ziren; horietako baten profilaren arabera, aditua zen banketxeetan lapurreta egiten. Pertsona hori 65 urteko gizona zen, eta bere historia polizial eta penalean banketxeetan indarkeriaz egindako lapurretak agertzen ziren. Ikerketak aurrera egin ahala, egiaztatu zuten lapurretan parte hartu zuten beste bi pertsonak Gipuzkoan bizi ziren eta poliziak fitxatuta zituen beste bi gizonezko zirela; horietako batek aurrekariak zituen indarkeria erabiliz lapurreta egiteagatik eta droga-trafikoagatik, eta espetxean ere egon zen delitu horiengatik. Identifikatu zuten bigarren laguntzailearen delitu-historian lapurretak, erasoak eta lesioak agertzen ziren, beste hainbat delituren artean.

             Ertzaintzaren operazioa, sartze eta miaketak
Ertzaintzaren polizia-operatibo batek joan den astean, azaroaren 16tik 19ra, atxilotu zituen aurtengo martxoan Irungo banketxe batean lapurreta egiten saiatu ziren hiru pertsonak. Arrastatu ondoren, eta agintari judizialak gainbegiratuta, agenteek etxeak miatu zituzten, eta hainbat ebidentzia lortu zituzten eta pistola simulatu bat atzeman zuten.
Hiru atxilotuak kasuaren instrukzioa eta ikerketa zuzendu duen Irungo Epaitegiaren eskuetan jarri zituzten.  

Jaitsi erantsitako dokumentua

Jaitsi erantsitako dokumentua

Jaitsi erantsitako dokumentua

Jaitsi erantsitako dokumentua