Eduki publikatzailea

22-0787 Ertzaintza indarkeria matxistaren eta gorrotoaren ondorio den diskriminazioaren biktimen prebentziorako eta arretarako proiektu batean parte hartzen ari da Liman (Peru)

Ertzaintza indarkeria matxistaren eta gorrotoaren ondorio den diskriminazioaren biktimen prebentziorako eta arretarako proiektu batean parte hartzen ari da Liman (Peru)

Prentsa Zerbitzua

2022-10-26

Urriaren 14tik 25era bitartean, Ertzaintzako eta Gasteizko Udaltzaingoko hainbat kide Peruko hiriburuko El Agustino distrituan izango dira Generoan Oinarritutako Indarkeriaren Prebentziora eta Arretara eta genero- eta sexu-identitatearen eta -orientazioaren ondorio den diskriminazioaren aurka borroka egiteko araudietara bideratutako proiektu batean parte hartzeko.

Ertzaintzak eta Gasteizko Udaltzaingoak, Arabako Medicus Mundi elkartearekin, Eusko Jaurlaritzako Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziarekin eta Gasteizko Udaleko Lankidetza Zerbitzuarekin batera, 2020tik parte hartzen dute sexu- eta genero-identitatearen eta -orientazioaren ondorio den diskriminazioaren biktimen prebentzio eta arretarako lankidetza-proiektu batean.

Proiektuaren helburua da estrategiak indartzea eta hobetzea Limako El Agustino distrituan lehendik dauden kontzertazio-guneen, -dinamiken eta -erreminten bidez.  Era horretako indarkerien biktimei arreta emateko Oinarrizko Jarduketa Protokolo bateratu bat, zerbitzu publikoen arteko koordinazioa eskatzen duena, inplementatzen ari dira tresna nagusi gisa, bai eta generoaren edo sexu- edo genero-identitatearen edo -orientazioaren ondorioz pertsonek jasaten duten indarkeriaren aurka borroka egiten duten eragile guztien protokoloak ere.

Ekimen honen esparruan, nazioarteko trukeak planifikatu dira Ertzaintzako eta Gasteizko Udaltzaingoko kidegoekin eta Peruko Segurtasun Kidegoekin. Formakuntza-ekintza hauei ekin aurreko egunetan, horietan parte hartuko duten polizia-kidegoek hainbat jarduera egin dituzte:

  • Aldez aurreko lana Aniztasunaren Polizia Kudeaketarako ‘Iniciativa Diversa’ plataformarekin. Ertzaintzako eta Gasteizko Udaltzaingoko kideek formakuntza espezifikoak antolatu eta prestatu dituzte El Agustino distrituko segurtasun-kidegoentzat. Lan horrek neurri batean eragin politikoa du, eta egun hauetan landu dute Liman. Horrez gainera, Peruko polizia-kidegoekin El Agustino distrituko errealitate instituzionala, arautzailea eta soziala sakontasunez identifikatzeko eta ezagutzeko diagnostikoak ere partekatu dituzte.

  • Aldez aurreko lana Perun “Centro de Investigación y Promoción Popular” GKErekin, eta erakunde honek formakuntza eman die Polizia Nazionalari eta Udaleko Gauzainen Zerbitzuari El Agustino distrituan. Formakuntza-ekintza horietan Polizia Nazionaleko 200 agentek baino gehiagok eta 160 gauzainek baino gehiagok parte hartu dute.

Formakuntza-ekintzak garatu diren egun hauetan, Ertzaintzako eta Gasteizko Udaltzaingoko agenteek ekintza hauek burutu dituzte:

  • Truke-topaketak 60 poliziarekin eta 60 gauzainekin, El Agustino distrituan eta Gasteizen sexu- edo genero-identitatearen edo -orientazioaren ondorioz indarkeriaren biktima diren LGTBI pertsonei arreta emateko misioa, rola, eginkizunak eta estrategiak aztertzeko, euren eskubideak defendatzearen eta generoaren eta gorrotoaren ondorio diren indarkeria-delitu jakinen aurkako protokoloen esparruan.

  • Bilerak Peruko Berdintasun Ministerioko, Barne Ministerioko eta El Agustino distrituko alkatearekin eta Polizia Nazionalarekin. Bilera horietan generoaren ondorio den indarkeriari eta LGTBI pertsonen aurkako indarkeriari aurre egiteko bertako erakundeen esperientziak partekatu dituzte, bai eta El Agustino distrituko eta Peruko beste leku batzuetako errealitatera eraman eta moldatu daitezkeen estrategiak ere. Ertzaintzak eta Gasteizko Udaltzaingoak euren misioa eta eginkizun instituzionala partekatu dituzte, bai eta giza eskubideen ikuspegiarekin duten lotura ere, zailtasunak, arazoak, konponbideak eta sinergiak partekatzeko helburuarekin.

  • El Agustino distrituko 7 komisaria bisitatu dituzte, eta gai praktiko batzuk aztertu dituzte: seinaletikak, eskura dagoen oinarrizko informazioa edo itxaroteko eremu pribatu eta seguruak. Bisita horietan agintariek eta agenteek parte hartu dute, guztira 125 pertsonak baino gehiagok.

Gasteizko Udalaren proiektuaren esparruan, 2023an El Agustino distrituko kolektibo batzuk, horien artean gauzainen ardura duen Alkatetza eta Peruko Polizia Nazionala, Euskadira bisitan etortzea ere aurreikusten da.

Jaitsi Peruko jardunaldien irudiak

Jaitsi Peruko jardunaldien irudiak

Jaitsi Peruko jardunaldien irudiak

Jaitsi Peruko jardunaldien irudiak

Jaitsi Peruko jardunaldien irudiak