Eduki publikatzailea

Galdakaon emakume bat atxilotu dute etxebizitza batean lapurreta egiten ahalegindu ondoren
2022-01-22
Ertzaintzak, Galdakaoko Udaltzaingoaren laguntzaz, 32 urteko emakume bat atxilotu zuen ostiral gauean, etxebizitza batean eta, jarraian, garaje batzuetan lapurreta egiten saiatu ondoren. Arrastatua lapurtutako auto batean zihoan 4 urteko semearekin batera, eta auto barruan lapurtutako bi txakur eta objektu batzuk aurkitu zituzten; Ertzaintza horien jatorria ikertzen ari da.
Ostiralean, gaueko 21:30ean, Galdakaoko Urreta auzoko bizilagun batek poliziaren laguntza eskatu zuen bere etxean, emakume bat terrazatik jauzi eginda eta komuneko leihoa hautsita etxean sartzen saiatu zela esanez.
Biktimak emandako deskribapenean oinarrituta, Galdakaoko udaltzainek ustez lapurreta egiten saiatu zen emakumea aurkitu zuten. Lekura Ertzaintzako dotazio batzuk agertu ziren, eta bizilagunek jakitera eman zieten inguruko garaje batzuetan ere lapurreta egin zuela.
Ertzainek egiaztatu zuten gaztea bezperan AbadiƱon lapurtutako auto batean zebilela, eta barruan lau urteko semea aurkitu zuten, bai eta lapurtutako bi txakur, bizikletak eta material informatikoa ere, eta emakumeak ez zuen horien jatorria azaltzen jakin.
Emakumeak aurrekariak ditu antzeko egintzengatik, eta ondarearen aurkako delituak leporatuta atxilotu eta polizia-egoitzara eraman zuten zegozkion eginbideak hasteko.
Espero dute gaur, larunbata, goizean zehar jartzea Bilboko Guardiako Epaitegiaren eskuetan.
Bizkaiko Foru Aldundiko gizarte-zerbitzuek hartu zuten adingabearen ardura