Eduki publikatzailea

Bilbon atxilotu dituzte Erandioko etxe batean lapurreta egin zuten bi gazteak
2022-02-10
Ertzaintzak, Bilboko Udaltzaingoaren laguntzaz, 22 eta 27 urteko bi gazte atxilotu zituen atzo Erandioko etxe batean lapurreta egiteagatik. Nazioarteko polizia-lankidetzaren bidez, atxilotuak Frantzian izandako antzeko gertakarien lotu ahal izan dira.
Joan den urtarrilaren 31ko eguerdian bi gizonezko Erandio Goikoa auzoko etxe batean sartu ziren, eta korrika ihes egin zuten biktima bera eta beste bizilagun batzuk begira zeudela.
Salatzaileak emandako ustezko lapurren deskribapenean eta hauek egindako ibilbidean oinarrituta, ikerketako agenteek metroko segurtasun-grabazioak eskatu zituzten eta ustezko lapurrak lokalizatu zituzten.
Ertzaintzak udaltzaingoei helarazi zizkien irudiak, eta Bilboko udaltzainek atzo, asteazkena, arratsaldean, aurkitu zituzten Abando auzoan. Horren berri Ertzaintzari eman zioten, eta ertzainek indarra erabiliz ustez lapurreta egiteagatik atxilotu zituzten.
Atxilotuak polizia-egoitzara eraman zituzten urtarrilaren 31n hasitako eginbideekin jarraitzeko, eta nazioarteko polizia-lankidetzari esker jakin ahal izan da arrestatuak Frantzian izandako lapurretetan inplikatuta daudela. Atxilotuak Bilboko Guardiako Epaitegiaren esku jarriko dira polizia-eginbideak amaitu ondoren.