Eduki publikatzailea
22_0291 Euskadik Aste Santuan pandemia aurreko normaltasuna berreskuratu du errepideetan, eta 2019ko joan-etorrien zifrak gainditu ditu

Euskadik Aste Santuan pandemia aurreko normaltasuna berreskuratu du errepideetan, eta 2019ko joan-etorrien zifrak gainditu ditu
2022-04-21
Euskadin sartzeko batez beste 515.000 joan-etorri izan dira eta beste hainbeste Euskaditik irteteko, hau da, pandemia aurretik baino % 1,2 gehiago. Mugikortasuna leheneratu arren, istripuen tasak % 37 egin du behera 2019koarekin alderatuta.
Euskadi pandemia aurreko normaltasunera itzuli da Aste Santuko mugikortasunean, nahiz eta zoritxarrez bi pertsona hil diren Euskadiko errepide-sarean, oporretako joan-etorriekin zerikusirik ez duten arrazoiak tarteko. Horrela, ostegunean, apirilaren 14an, motor-gidari bat hil zen Bilbon, eta tartean ez zen beste ibilgailurik izan. Bestalde, ostiralean, apirilaren 15ean, gurpildun aulkian zihoan gizon bat harrapatu zuen auto batek Ibarran (Gipuzkoa). Bi istripuak herri barruan gertatu ziren, beraz, eta ez zuten zerikusirik izan Aste Santuko operazio bereziarekin. Edonola ere, aldi horretan heriotzarik izan gabeko hamar urteko joera, 2013an hasi zena, hautsi da; nahiz eta joera 2019an ere eten zen, bi pertsona hil baitziren Araban.
Euskadin izandako trafikoari dagokionez, zertxobait gainditu dira aurreikuspenak, Euskadira sartzeko 515.000 desplazamendu izan baitira batez beste, eta beste hainbeste irteteko. 2019an batez beste 509.000 izan ziren, eta horrek esan nahi du pandemia aurretik baino % 1,2 gehiago izan direla.
Biriatuko mugan igoera oraindik ere nabarmenagoa izan da, orain dela hiru urte baino joan-etorri gehiago, % 2 gehiago, izan baitira. Hala ere, trafikoaren bolumenaren igoera nabarmenena hiriburuetako sarbideetan izan da, 2019an baino % 7,5 gehiago izan baitira erregistratutako joan-etorriak.
Sonia Díaz de Corcuera, Trafikoko zuzendaria
Sonia Díaz de Corcuera Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendariaren iritziz: “Erregaien prezioak eragin gutxi izan duenez eta, batez ere, eguraldi ona izan denez, gainditu egin dira aurreikuspenak eta pandemia aurreko joan-etorrien zifretara iritsi gara. Bestalde, azpimarratu behar da Aste Santuko operazio bereziaren ondorioz ez dela hildakorik izan hiriarteko ibilbideetan, ez eta egun hauetan kritikoenak izaten diren lekuetan ere. Dena den, zoritxarrez bi pertsona hil dira operazio bereziarekin zerikusirik ez izan arren dramatikoak izan diren egoeretan. Horrek pentsarazi behar digu garrantzizkoa dela gidatzean bost zentzuak erne izatea, bizitza instant batean alda baitaiteke”.
Istripu-tasa baxua
Trafikoko zuzendariak nabarmendu du, mugikortasunak pandemia aurreko mailak gainditu dituen arren, nabarmen egin duela behera istripuen kopuruak. Aurten, apirilaren 13tik 18ra bitartean, guztira 55 istripu erregistratu dira (horietako 16 biktimadunak), eta bi pertsona hil dira eta 2 larri zauritu dira. Horrek esan nahi du istripuen tasak % 37 egin duela behera 2019koarekin alderatuta, urte horretan 87 istripu gertatu baitziren, eta bi pertsona hil ziren eta 7 larri zauritu ziren.
Puntu kritikoak
Trafiko-fluxurik handienak ohiko puntuetan erregistratu dira, eta dentsitateak 2019koen oso antzekoak izan dira.
- Araban, irteeran, apirilaren 13an, asteazkenean, eta apirilaren 14an, ostegunean, ohiko ilarak, 7 kilometrora artekoak (2019koen antzera) sortu ziren Armiñongo lotunean. Itzuleran ez zen ilararik sortu puntu horretan, Jaurlaritzak ezarritako seinalizazio-operatiboari esker. Baina zertxobait aurrerago (A-1eko 346 KPan, Gasteizen, Irunerako noranzkoan) 5 kilometrora arteko ilarak sortu ziren istripu baten ondorioz.
- Bizkaian arazorik handienak apirilaren 14an, ostegunean, izan ziren A-8an, Muskiz eta Barakaldo artean eta Kantabriarako noranzkoan. Puntu horretan 15 kilometrora arteko ilarak sortu ziren bai irteera-operazioaren bai bi ibilgailuren matxuraren ondorioz. (2019ko data berean 13 kilometroko ilarak sortu ziren). Itzulera-operazioan, astelehenean, apirilaren 18an, A-8an auto batek matxura izan zuen Muskizen, Irunerako noranzkoan, eta 4 kilometrora arteko ilarak sortu ziren, Kantabriako mugara artekoak. Kantabria aldean ilara luzeagoak sortu ziren.
- Gipuzkoan 9 kilometrora arteko ilarak sortu ziren apirilaren 13an, asteazkenean, eta apirilaren 14an, ostegunean, irteera-operazioaren eta Frantzia aldeko polizia-kontrolen ondorioz (2019an 8-10 kilometrokoak izan ziren). Bestalde, Pazkoa astelehena Frantzian ere jai izan denez, joan den asteartean, apirilaren 19an, 17 kilometrora arteko kamioi-ilarak sortu ziren mugako pasabidean. Pandemia aurretik ere egoera horixe izaten zen.