Eduki publikatzailea
23_0391 Ertzaintzak, Basauriko Udalak eta Osakidetzak indarkeria matxistaren biktimei arreta emateko protokolo bat sinatu dute erantzun koordinatua eta eraginkorragoa emateko

Ertzaintzak, Basauriko Udalak eta Osakidetzak indarkeria matxistaren biktimei arreta emateko protokolo bat sinatu dute erantzun koordinatua eta eraginkorragoa emateko
2023-06-15
Basauriko Udalak, Ibaizabalgo Ertzain-etxeko Burutzak eta Osakidetzak (Barrualde-Galdakao ESI) erakundeen arteko koordinazio-protokolo bat sinatu dute indarkeria matxistaren biktimei arreta emateko. Protokolo horren helburuak dira, besteak beste, ardatza biktima izango dela bermatzea eta baliabide publikoak haren premietara egokitzea, era horretara arreta koordinatua, integrala eta, batez ere, eraginkorragoa eman ahal izateko.
Asier Iragorri Basauriko alkateak, Edurne Arce Ibaizabalgo Ertzain-etxeko nagusiak, Jon Guajardo Osakidetzaren Barrualde-Galdakao ESIko gerenteak eta Maria Larrinaga Basauriko Udaleko Gizarte Politikako zinegotziak aurkeztu dute gaur, osteguna, indarkeria matxistaren biktimen arretan erakundeen erantzuna indartuko duen eta berriz biktimizatzea saihestuko duen protokoloa.
Protokolo honen bidez, sinatu duten zerbitzu eta esparruetako (Ertzaintza, Basauriko Udaltzaingoa, Osakidetza eta Gizarte Zerbitzuak eta Berdintasuna) profesionalek tresna praktikoago bat izango dute eguneroko jardunean, herrian indarkeria matxistaren kasu bat gertatzen denean, nola jardun, informazioa nola eman eta udal-eremuko beste eragile batzuekin nola komunikatu jakiteko.
Basauriko Udaleko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuek zentralizatu eta koordinatuko dute esku-hartze globala, biktima arreta-sistema publikoan zein bidetatik edo zerbitzutatik sartu den alde batera utzita. Zerbitzu horiek egingo dute premien balorazio orokorra, eta zirkuituko eragileen arteko koordinazioa bideratuko dute. Protokoloan jarduteko prozedura espezifikoa ezartzen da, eta gauzatuko da kontuan hartuta indarkeria matxistaren biktima arreta integralerako zirkuituan zein zerbitzutatik sartzen den: Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak, Berdintasuna, Udaltzaingoa, Osakidetza edo Ertzaintza.
Edurne Arcek nabarmendu du orain arte Ertzaintzatik modu aktiboan aritu izan direla beste udal-erakunde batzuekin, bereziki Basauriko Udaltzaingoarekin, lankidetzan. Hala eta guztiz ere, protokoloa abian jarrita arreta hobea emango zaie biktimei, arreta osoa bermatuko baitzaie.
Protokoloak zuzenean lotzen ditu indarkeria matxistaren arloan eskumenak dituzten erakundeak. Hala eta guztiz ere, protokoloa pixkanaka ezartzen hasten denean, lankidetza-ekintzak eta -mekanismoak garatuko dituzte Basauriko hezkuntzaren, enpleguaren, hirugarren sektorearen eta elkarteen esparruko ordezkari jakin batzuekin.
Arreta-ibilbideen parte diren zerbitzu eta eragileek emandako arretaren jarraipena egin ahal izateko, bi hilabetez behin elkartuko da kasuak koordinatzeko mahaia. Era berean, protokoloaren garapenaren ebaluazio jarraitua egingo da bi koordinazio mahairen bidez, bata teknikoa eta bestea estrategikoa.
IBAIZABALGO MUGAPEA
Une hauetan, Ertzaintzak eta Ibaizabalgo Ertzain-etxearen mugapeko udaltzaingoek (Basauri, Etxebarri, Galdakao, Arrigorriaga, Ugao, Zaratamo eta Zeberio) Genero Indarkeriaren eta Etxeko Indarkeriaren biktima diren 163 emakume babesten dituzte. Ekaineko zifren arabera, 113 emakumek epaitegiek emandako era bateko edo besteko babes-agindua dute. Beste aldetik, 3 gizon daude eskumuturreko elektronikoen bitartez telematikoki kontrolatuta.
Emakume bakoitzaren arriskuaren ebaluazioa 4 mailatan sailkatzen da (oinarrizkoa, moderatua, handia eta berezia), eta Ertzaintzak eta udaltzaingoek horien arabera esleitzen dituzte babes-neurri egokiak. Mugape honetan 2 emakumek kontrazaintzako polizia-operatiboa dute eta 3 emakumek babes-sistema teknologikoa. Sistema hori Bortxa da, telefonia mugikorreko aplikazio bat, Ertzaintzak esklusiboki instalatzen duena eta biktimaren telefonoan integratuta geratzen dena. Aurretik konfiguratutako telefonoetara (erreferentziako ertzain-etxea, larrialdiak, etab.) ohiko deiak egiteko aukera ematen du, baina, horrez gainera, egoera kritikoa aditzera emateko botoi bat du, eta biktimaren posizionamenduaren datuak berehala bidaltzen ditu larrialdietako zerbitzura, eta gertatzen dena entzun daiteke erantzun azkarra eta eraginkorra emateko.