Eduki publikatzailea
25_0850 Ertzaintzak eta Bilboko Udaltzaingoak aurten ere segurtasun-dispositibo berezia aktibatuko dute gabonetako kanpainarako eta merkealdietarako

Ertzaintzak eta Bilboko Udaltzaingoak aurten ere segurtasun-dispositibo berezia aktibatuko dute gabonetako kanpainarako eta merkealdietarako
2025-12-12
Bi kidegoek plan bateratua berrituko dute egun hauetan ohikoenak diren delituen –bereziki ebasketen eta lapurreten– prebentzioa indartzeko hiriko merkataritza eta ostalaritza gune nagusietan: Abandon, Alde Zaharrean, Indautxun eta Boluetan, batez ere. Dispositibo hori gaur, ostirala, abenduak 12, jarriko da abian eta urtarrilaren 16ra arte luzatuko da.
Ertzaintzak eta Bilboko Udaltzaingoak aurten ere zaintza- eta kontrol-kanpaina bateratua jarriko dute abian gabonetarako eta merkealdien hasierarako. Dagoeneko finkatuta dagoen dispositibo bat da, eta helburua du herritarren segurtasuna indartzea aste hauetan jende gehien ibiltzen den puntuetan polizia gehiago jarriz eta prebentzio-jarduerak eginez.
Ohikoa den moduan egun horietan ohikoenak diren delituak, merkataritza- eta ostalaritza-jardueraren ondorioz jende asko biltzen den eremuetan egiten diren ebasketak eta lapurretak, prebenitzera bideratuko da operatiboa. Dispositiboa gaur, ostirala, abenduak 12, hasiko da eta urtarrilaren 16ra arte egongo da martxan.
Ondarearen aurkako delituak Bilbon erregistratutako delitu presentzialen % 70 inguru dira, eta, horien artean, gehienak ebasketak dira. Ertzaintzak eta Udaltzaingoak urte osoan zehar koordinatuta jarduten duten arren horien inpaktua murrizteko, lankidetza hori areagotu egiten da une jakin batzuetan, hala nola abuztuan –Aste Nagusiaren inguruan– eta abenduan eta urtarrilean, erosketak, ospakizunak eta joan-etorriak ugaritzeak lapurretak izateko arriskua areagotzen duenean.
Gabonetako kanpainan eta merkealdietan, ohikoa da saltokietan eta bide publikoetan lapurretak ugaritzea, baita deskuiduan egindako lapurretak ere jende-pilaketekin, jai-ekitaldiekin edo bazkari edo afariekin lotuta.
Dispositibo bateratua
Gabonetarako eta merkealdietarako Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren Prebentzio Plana 2015ean jarri zen martxan lehenbiziko aldiz, eta, ordutik, bi kidegoek urtero antolatu dute eta oso emaitza onak izan ditu, Bilbon ebasketa- eta lapurreta-kasuen gorakada jaisteko edo geldiarazteko helburua betez.
Bilboko merkataritza- eta ostalaritza-gune nagusietan gauzatuko da, era horretako negozioen ohiko ordutegietan. Prebentzio-lana egingo da, beraz, kaleetan, batez ere oinezkoen guneetan, eta jende gehien pilatzen den lekuetan, merkataritzako eta gaueko aisialdiko guneetan, adibidez, Abandon, Indautxun, Alde Zaharren eta Boluetan.
Plana abian jarrita honako delitu-egintza hauek prebenitu nahi dira:
- Deskuiduaz baliatuz egindako ebasketak, bai eta indarrez tira eginda edo
kontaktu fisiko bidez egindako lapurretak ere.
- Kalean engainu bidez (besarkada solidarioak) egindako ebasketak.
- Indarkeria fisikoa eta/edo hitzezko larderia erabiliz egindako lapurretak.
- Banaketa-lanetan ibilgailu barruan begien bistan utzitako objektuen lapurretak.
- Saltokietan bildutako diruaren ebasketak, langileen absentzia laburrak aprobetxatuz.
Zaintza eta kontrola asteko egun guztietan egingo dute, txanda ezberdinetan, uniformedun eta kale-jantziko patruilek, oinez eta ibilgailuz.
Nolanahi ere, Ertzaintzak eta Bilboko Udaltzaingoak herritarrei eskatzen diete arretaz ibiltzeko jende asko pilatzen den kaleetan eta dendetan. Gainera, gomendatzen dute norbere gauzen gainean arreta jartzea, poltsa edo motxila itxita eramatea eta fisikoki modu susmagarrian hurbiltzen diren pertsonez ez fidatzea; hori guztia lapurreten eta ebasketen biktima izatea saihesteko.
Susmoren bat izanez gero edo gorabeheraren bat gertatuz gero, Ertzaintzari 112ra eta Bilboko Udaltzaingoari 092ra deitzeko aholkatzen dute.