Eduki publikatzailea

25_0862 Ertzaintzak eta Tolosaldeko eta Goierriko udaltzaingoek gabonetan segurtasuna indartzeko elkarlanean jardungo dute

Ertzaintzak eta Tolosaldeko eta Goierriko udaltzaingoek gabonetan segurtasuna indartzeko elkarlanean jardungo dute

Prentsa zerbitzua

2025-12-15

Oriako Ertzain-etxearen eta Beasain, Ordizia, Lazkao eta Ibarrako udaltzaingoen artean egindako plan bateratua da, segurtasunaren arloko prebentzioan, batez ere egun horietan ohikoenak izaten diren delituen, hala nola merkataritza- eta ostalaritza-guneetako ebasketen eta lapurreten, prebentzioan eragiteko. Dispositiboa abenduaren 19tik urtarrilaren 18ra arte egongo da abian.

Oriako Ertzain-etxeak eta Beasain, Ordizia, Lazkao eta Ibarrako udaltzaingoek gabonetarako eta merkealdietarako egindako lehenengo prebentzio-plana da, baina aurretik gauzatutako dispositibo bateratuetan egindako lana du abiapuntu. 

Plana abian jarrita prebenitu nahi diren delituak ebasketak eta indarkeria eta beldurra erabiliz egindako lapurretak dira, bai eta saltoki eta ibilgailuetan egindako lapurretak ere. 

Hori dela eta, herri horietako merkataritza- eta ostalaritza-gune nagusietan gauzatuko da, halako negozioen ordutegietan, kaleetan, batez ere oinezkoen guneetan, eta gabonetan jende gehien pilatzen den lekuetan, hau da, merkataritzako eta gaueko aisialdiko guneetan, segurtasuna indartzeko. 
 
Ertzaintzak eta udaltzaingoek herritarrei dei egiten die jende asko pilatzen den lekuetan kontuz ibil daitezen, eta euren gauzak arretaz zain ditzaten.