Seguridad vial-eu

Bide-Segurtasuna

Urriaren 3ko 151/2018 Dekretuaren bidez, Euskadiko trafiko‐istripuen biktimen erregistroa sortu zen.

Trafiko Istripuen Biktimen Euskal Erregistroa sortzea izan da Euskadiko Segurtasun Publikoko Plan Orokorrean (2014-2019) eta Bide Segurtasuneko eta Mugikortasun Seguru eta Iraunkorrerako Plan Estrategikoan (2015-2020) jasotako ekimenetako bat.

Trafiko Istripuen Biktimen Euskal Erregistroaren helburua da trafiko‐istripuek zer kausa, zer inguruabar eta zer ondorio izan dituzten jakiteko behar den informazioa eduki ahal izatea eta horrela, batzuen eta besteen gainean eraginez, istripuak murrizteko.

Euskadiko Trafiko Istripuen Biktimen Erregistroak izaera administratiboa du eta Erregistroa Segurtasun Sailean trafikoaren eta bide segurtasunaren arloan eskumena daukan Zuzendaritzari atxikita dago.

Erregistroak jasotzen ditu Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean, hiri barruko zein hiriarteko bideetan, biktimak eragin dituzten trafiko‐istripuei buruzko datu beharrezkoak, fidagarriak, osatuak eta eguneratuak, istripuen kausak, inguruabarrak eta haien ondorioak zein izan diren zehazteko.

Ildo horretan, 2019ko martxoaren 29ko aginduak , Segurtasuneko sailburuarena, zeinaren bidez onartzen baitira Trafiko Istripuen Biktimen Euskal Erregistroan erregistratu behar diren datuak, bai eta bidali behar diren inprimakiak, irizpideak eta epeak ere, ezartzen du zer datu bidali behar dituzten Trafiko Istripuen Biktimen Euskal Erregistrora Ertzaintzako agenteek, trafikoaren zaintzaz eta kontrolaz arduratzen diren udaltzainek eta behartuta dauden beste batzuek (Euskal Estatistika Erakundea, osasunzentroak eta errepideen titularrak); eta, bestetik, zehazten ditu datu horiek bidaltzeko erabiliko diren irizpideak eta epeak.