Udaltzaingoa-eu

Udaltzaingoa

UDALTZAINGO-ZERBITZUAK

Tradizioz Euskadiko Udaltzaingoak heterogeneotasun handia aurkeztu izan du egiturari, plantillei, prestakuntzari, baliabide teknikoei eta praktikan egindako eginkizun eta zereginei dagokienez; izan ere, ordenamenduak ez zituen kontuan hartzen udalerrietako errealitate desberdina, biztanleriaren kopurua eta udalerri bakoitzaren ezaugarri bereziak.

Egiturazko desberdintasun horrek zaildu egiten zuen Polizia-kidegoen arteko lankidetza, eta, horregatik, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziari buruzko uztailaren 17ko 4/1992 Legeak lehen aldiz arautu zuen Euskadin Udaltzaingoen koordinazioa; halaber, Udaltzaingoen eta Ertzaintzaren lanbide-estatutua eta prestakuntzaren homogeneizazioa ezarri zuen.

Orduz geroztik, aurrerapenak egin dira Udaltzaingoen homologazioan, bai Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian bildutako hautaketari eta prestakuntzari dagokienez, bai tokiko koordinazio-batzordeetan aurreikusitako polizia-koordinaziorako eta -harremanetarako mekanismoak ezartzeari dagokionez. Mekanismo horiei esker, baliabide teknikoak eta informatikoak homogeneizatu ahal izan dira, datuak eta informazioak elkarri trukatzeko.

Hori guztia plantillen eta haien bitarteko eta baliabideen pixkanakako modernizazioarekin eta funtzioen eta zereginen birdimentsionatzearekin egokitu da: bai dimentsioari dagokionez, bai prestakuntza profesional eta teknikoari dagokionez, hobetu egin da. Udalerri bakoitzaren premiekin eta herritarren eskaerekin bat etorriz.

Ildo horretan, Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzeko ekainaren 28ko 15/2012 Legeak, Udaltzaingoen koordinazioa arautzean, Eusko Jaurlaritzak Udaltzaingoak koordinatzeko arau orokorrak eman zitzala aurreikusi zuen. Legeak   esparru-arauak zehazten ditu,  horietara udaltzaingoen antolamendu- eta funtzionamendu-erregelamenduak  egokitu daitezen. Era berean, besteak beste,  udaltzaingoen langileen egitura eta plantillak homogeneizatzea bultzatzen du.

Udaltzaingoko kidegoen kategorien arteko proportzionaltasun-irizpideak ezarri nahi izan ziren, herri bakoitzeko biztanle kopurua  eta ezaugarriak kontuan hartuta.

Gaur egun, Udaltzaingoko Kidegoei dagokienez, erreformak homologagarriak diren egitura profesionalen sendotzea uztartu nahi du, hala nola udalerri bakoitzak bere behar eta berezitasunetara egokitutako antolamendu-irtenbideak aurki ditzala baimentzea.

Ildo horretan, 1/2020 Legegintzako Dekretua, uztailaren 22koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Legearen testu bategina onartzen duenak ezarritakoaren arabera, besteak beste, Udaltzaingorik ez duten udalek Udaltzaingo-zerbitzu bat sortu ahal izango dute.

UDALTZAINGO-ZERBITZUAK

1/2020 Legegintzako Dekretua, uztailaren 22koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Legearen testu bategina onartzen duenak ezarritakoaren arabera, Udaltzaingorik ez duten udalek Udaltzaingo-zerbitzu bat sortu ahal izango dute, gehienez ere bost agente-lanposturekin; horien artean, nagusi koordinatzaile bat izendatu ahal izango da izendapen librez, haien postuetan agertzen diren beste eginkizunen artean, lege horren 55.1 artikuluan jasotzen diren eginkizunak betetzeko.

    Zerbitzu horietako langileak, armak eraman edo ez, agintaritzaren agente izango dira beren eginkizunak betetzen dituztenean, uniformea erabiliko dute eta dagozkion dokumentazioarekin eta bereizgarriarekin egiaztatu behar dute agintaritzaren agente direla. Haien jarduera-eremua bakoitzari dagokion udalerria izango da, alde batera utzita hondamendiko edo lazeria publikoko egoeretarako kasu bakoitzean indarrean dagoen legedian xedatutakoa.

    Udaltzaingo-zerbitzuetako langileak C1 azpitaldeko funtzionarioak izango dira, ondorio guztietarako parekatuta egongo dira Udaltzaingoetako oinarrizko eskalako agente-kategoriarekin eta lege honetan xedaturikoa aplikatuko zaie, bai eta Toki-Administrazioko funtzionarioei aplikatu beharreko estatutua ere.

    Udaltzaingoko agente-kategoriarako ezarritako irizpide berberen arabera hautatuko dira, ezagutzen probak dagozkion titulaziora egokituta, eta aurrez prestakuntza-ikastaro bat gainditu beharko dute Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian.

 

 

 

A85PVisor