Eduki publikatzailea

22_0757 Abanto-Zierbenan gizon bat atxilotu dute droga-trafikoagatik, autoan ihesi zihoanean istripua izan ondoren

Abanto-Zierbenan gizon bat atxilotu dute droga-trafikoagatik, autoan ihesi zihoanean istripua izan ondoren

Prentsa Zerbitzua

2022-10-14

Ertzaintzak, Abanto-Zierbenako Udaltzaingoarekin elkarlanean, 31 urteko gizon bat atxilotu du droga-trafikoagatik, Udaltzaingoaren baliabide bat atzetik zuela bere autoan ihesi zihoanean. Ihesi zihoan gidariak istripua izan du, eta Udaltzaingoak atxilotu du bide-segurtasunaren aurkako delitu batengatik. Gidaria, bi polizia-kidegoek egindako ikerketaren ondorioz, droga-trafikoagatik ere ikertu dute.

Joan den asteartean, urriaren 11n, aipatutako Bizkaiko herriko herrigunetik zihoan auto batek trafikoko arau-hauste bat egin zuen eta Udaltzaingoaren patruila batek gelditzeko agindua eman zion. Une horretan autoak ihes egin zuen, eta polizia-baliabidea atzetik segika hasi zitzaion.

Ihesi zihoanean, autoak istripua izan zuen, eta une horretan autoaren gidariak zerbait bota zuen leihotik. Udaltzaingoaren baliabide batek lekuan bertan atxilotu zuen gidaria bide-segurtasunaren aurkako delitu batengatik, baina gidariak leihotik bota zuen objektua substantzia sorgorgarriren bat izan zitekeela ikusita, ikerketa paralelo bati eman zitzaion hasiera Ertzaintzak esku hartuta.

Atxilotua Muskizeko Ertzain-etxera eraman zuten zegozkion eginbideak hasteko, eta bertan egiaztatu ahal izan zuten gidariak leihotik botatakoa 153 gramo kokaina zirela; kokaina-kopuru horrek merkatuan 5.500 euroko balioa izan zezakeen. Ikerketa horren esparruan, istripua izan zuen autoa miatu zuten, eta bertan 530 euro aurkitu zituzten.

Ikerketaren barruan atxilotuaren etxea ere miatu zuten, eta substantzia sorgorgarriak manipulatzeko eta banatzeko materiala aurkitu zuten bertan. Horregatik guztiagatik, pertsona hori droga-trafikoaren delitu batengatik ikertu zuten.

Polizia-eginbideak amaitu ondoren, droga-trafikoagatik aurrekariak dituen atxilotua agintari judizialaren eskuetan jarri zuten Barakaldoko Guardiako Epaitegian.

Jaitsi Konfiskatutako materialaren irudia