Eduki publikatzailea

23_0085 Bilbo, bi pertsona atxilotu dituzte osasun publikoaren aurkako delituengatik, edukiera gainditzen zuen eta adingabeko batzuei sartzen utzi zien diskoteka batean

Bilbo, bi pertsona atxilotu dituzte osasun publikoaren aurkako delituengatik, edukiera gainditzen zuen eta adingabeko batzuei sartzen utzi zien diskoteka batean

Servicio de prensa

2023-02-12

Ertzaintzak, Bilboko udaltzainekin lankidetzan, bi gazte atxilotu ditu osasun publikoaren aurkako delituengatik Bilbo erdialdeko diskoteka batean egindako kontrolean. Guztira 10 HSL espediente bideratu ditu drogak edukitzeagatik, eta lokalaren arduradunak ikertzen ari da ezarritako edukiera gainditzeagatik eta adingabekoei sartzen uzteagatik.

Igande goizaldean, Ertzaintzak, Bilboko Udaltzaingoarekin elkarlanean, prebentzio-kontrol bat ezarri du Bizkaiko hiriburuko erdialdeko diskoteka baten sarreran, gaueko aisialdiarekin eta armak edukitzearekin lotutako delitu-egintzei aurrea hartzeko.

Dispositiboa goizaldeko ordu bi eta erdiak aldera jarri zuten abian, eta Ertzaintzaren hainbat unitatetako baliabideak bildu zituen: Txakur Unitatea, Brigada Mugikorra eta Herritarren Segurtasunerako patruilak.

Alde batetik, lokalaren edukiera kontrolatu zuten, eta egiaztatu zuten baimendutakoak baino 85 pertsona gehiago zeudela barruan (357). Horrez gainera, patruilek egiaztatu zuten diskotekan hiru adingabeko zeudela. Ertzaintzak eginbideak ireki ditu, eta lokalaren arduradunak ikertzen ari da.

Bestalde, agente jarduleek prebentziozko miaketa egin zieten diskotekan zeuden gazteei, eta horietako bi atxilotu zituzten osasun publikoaren aurkako delituengatik.  Guztira 31 pastilla eta substantzia sorgorgarria izan zitekeen hauts zuri baten 17 monodosi atzeman zizkieten. Horrez gainera, hirugarren pertsona bat atxilotu zuten agintaritzaren agenteen aurkako ustezko atentatu-delitu batengatik.

Drogak edukitzeagatik jarritako zehapen administratiboei dagokienez, 10 akta ireki zituzten Herritarren Segurtasunerako Legearekin lotuta.  

Horrez gainera, kontrol hori egin aurretik, Ertzaintza aretoaren arduradunek egindako abisuari erantzunez hurbildu zen, segurtasun-jagoleek, sarrerako kontrolean, arma zuriak zeramatzaten hainbat pertsona identifikatu baitzituzten.