Eduki publikatzailea

23_0204 Ertzaintzak eta Euskadiko udaltzaingoek herritarren laguntza eskatzen dute Aste Santuan etxeetako lapurretei aurrea hartzeko

Ertzaintzak eta Euskadiko udaltzaingoek herritarren laguntza eskatzen dute Aste Santuan etxeetako lapurretei aurrea hartzeko

Servicio de prensa

2023-04-04

Aste Santuko opor-egunetan jendea ohiko bizilekutik kanpora egoten denez, etxeetan lapurreta gehiago egiten direla kontuan hartuta, Ertzaintzak eta Euskadiko udaltzaingoek, lapurreta horiei aurrea hartzeko, oinarrizko gomendio praktiko batzuk egiten dizkiete herritarrei ahal den neurrian delitu-mota hori geldiarazteko.

Urte-sasoi honetan ohikoak diren opor-bidaiak eta jendeak izaten dituen ospakizun edo ekitaldiak aprobetxatu egiten dituzte etxeetan lapurretan aritzen diren talde kriminalek hutsik geratzen diren etxeetan sartzeko. Euskal Poliziak, beraz, herritarren laguntza eskatzen du, eta, aldi berean, jarraibide batzuk ematen ditu era horretako lapurretei aurrea hartzeko.  

Gomendioak:

- Ez fidatu auzoan dabiltzan eta bizilagunez galdetzen duten pertsona ezezagunez. Arretaz begiratu ateetan markatzailerik edo seinalerik dagoen.

- Atea giltzaz itxi, etxetik une labur baterako irteten bazara ere, edo baita barruan egonda ere, batez ere gauez.

- Ziurtatu portaleko atea itxi duzula, eta atezain automatikoari erantzun etxean bazaude; gauza bera egin teilatuko edo garajeko ateekin, eta beti itxaron itxi arte.

- Ez argitaratu sare sozialetan bidaia-planik edo antzekorik.

- Etxean norbait dagoela aditzera eman, esate baterako, norbaiti postontzia husteko, argiak pizteko edo itzaltzeko edo pertsianak igotzeko eta jaisteko eskatuz; domotikarekin ere egin daiteke.

- Alarma edo sentsoreak instalatu ate eta leihoetan, eta/edo bideozaintzako kamerak. Beheko solairuetako etxebizitzetan leihoak edo terrazak ere ondo itxi, balkoietatik, teilatu-hegaletatik, horma edo koska batetik, hodi batetik…  igota edo jaitsita inor sar ez dadin.

- Komeni da segurtasun-sistemak instalatzea, hala nola, bumping edo taladro kontrako sarrailak edo ateak haustea eragozteko segurtasun-ezkutuak. Badira irudiak hartzen dituzten behatxuloak eta bideo-grabazio sistema duten atezain automatikoak ere.

- Ahal dela, balioko objektu guztiak kutxa gotor batean sartuta utzi.

Berehala deitu Ertzaintzari edo Udaltzaingoari, 112 telefono-zenbakiaren bidez, bai era horretako lapurreta baten biktima izan bazara bai ibilgailu edo pertsona susmagarriak ikusiz gero. Etxe barruan lapurrekin topo egiten baduzu, ez aurre egin eta itxaron polizia iritsi arte, eta, ahal den neurrian, susmagarriei argazkiak atera, zein norabidetan ihes egin duten begiratu, ibilgailua badute matrikula gogoan hartu…

Jaitsi erantsitako dokumentua