Eduki publikatzailea
23_0242 Desmantelada una organización criminal dedicada a la distribución de sustancias estupefacientes en establecimientos hosteleros de la Margen Izquierda

Ezkerraldeko ostalaritza-establezimendutan substantzia sorgorgarriak saltzen zituen talde kriminal bat desegin dute
2023-04-21
• Ertzaintzak taldearen burua eta beste bi pertsona atxilotu ditu osasun publikoaren aurkako ustezko delitu bat leporatuta, eta beste sei ikerketapean daude delitu beragatik • Egituraren arduradunari establezimenduetako langileen eskubideen aurkako delitu bat, lan-esplotazioa eta Gizarte Segurantzari iruzur egitea ere leporatu dizkiote • Operazioan, oraingoz, hamar lokal itxi dituzte prebentzioz Ertzaintzako eta Portugaleteko eta Santurtziko udaltzaingoetako agenteek.
Asteazken goizean, Bizkaiko Ikerketa Kriminaleko Lurralde Zerbitzuko agenteek hiru pertsona atxilotu zituzten Santurtzin eta Portugaleten osasun publikoaren aurkako ustezko delitu bana leporatuta. Pertsona horietako bat debekatutako armak edukitzeagatik ere ari dira ikertzen. Gainera, beste sei pertsona ikerketapean daude droga-trafikoaren delituagatik.
Goizeko lehenengo orduan hasi zen polizia-operatiboan hamar tabernatan esku hartu zuten (Portugaleteko seitan eta Santurtziko lautan), eta legez kanpoko substantziak, ustez haxixa, kokaina eta heroina, dirutan 5.000 inguru eta taser motako pistola bat aurkitu zituzten.
Hiru atxilotu horien artean taldearen burua zegoen. Honek Ezkerraldeko ostalaritzako establezimenduen sare bat sortu zuen substantzia sorgorgarriak, besteak beste, kokaina, haxixa edo heroina, txikizka saltzeko. Ostalaritza-jarduera handirik ez zuten negozioetako langileak lan-kontraturik ez zuten paperik gabeko pertsonak ziren, eta taldearen buruari, beraz, langileak esplotatzearen delitua ere leporatu diote. Pertsona horrek polizia-aurrekari ugari ditu mota bereko droga-trafikoagatik: ostalaritzako establezimenduak alokatzen zituen eta egoera irregularrean zeuden eta legezko lan-jarduera bat egin ezin zuten pertsonen bidez substantziak saltzeko erabiltzen zituen.
Bestalde, azken hilabeteotan egindako ikerketen ondorioz, agenteek egiaztatu ahal izan zuten zainduta zituzten lokaletan sartzen ziren pertsonak oso denbora gutxian egoten zirela barruan eta ezer kontsumitu gabe irteten zirela. Gainera, agenteak konturatu ziren lokal gehienetara ez zutela jenero berririk eramaten, era horretako negozioetan ohikoa den moduan, eta horrek agerian jartzen zuen establezimenduak legearen kontrako jardueraren bat ezkutatzeko erabiltzen zituztela.
Horren aurrean, herenegun, Ertzaintzako agenteak, Portugaleteko eta Santurtziko udaltzaingoekin eta Gizarte Segurantzako Laneko Ikuskaritzako langileekin koordinatuta, hamar taberna horietan sartu ziren, eta uste dute delituarekin lotutako lokal gehiago egon litezkeela. Ikerketak zabalik jarraitzen du, eta ez dute baztertzen atxiloketa gehiago egitea.
Oraingoz, eta kautelazko neurri moduan, hamar establezimendu horiek itxi egin dituzte eta bakoitzari administrazio-espedientea ireki diote jarduera irregularrarekin jarraitzerik izan ez dezaten.
Hiru atxilotuak, 54 eta 25 urteko bi gizon eta 52 urteko emakume bat, polizia-egoitzara eraman zituzten zegokion eginbideak egiteko eta, ondoren, agintari judizialaren eskuetan jartzeko.