Eduki publikatzailea

23_0452 Laudioko kaleetako kutxatilen eta metalezko material urbanoaren lapurreta jarraituen egileak atxilotu dituzte

Laudioko kaleetako kutxatilen eta metalezko material urbanoaren lapurreta jarraituen egileak atxilotu dituzte

Servicio de prensa

2023-07-07

Gaur, ostirala, goizean 18 eta 19 urteko bi gazte atxilotu dituzte Laudioko Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren arteko operatibo bateratuan, herrian azkenaldian gertatu diren estolderiako tapen eta beste zerbitzu publiko batzuetako kutxatilen lapurretetan inplikatuta egoteagatik. Bi gazteak materiala Arrigorriagako enpresa batean saldu nahian ari zirenean harrapatu dituzte, eta auto batean ihes egiten saiatu dira. Ihesaldian udaltzain bat jo dute eta trafiko-istripu bat eragin dute atxilotu aurretik.

Azkenaldian Laudion metalezko kutxatilak lapurtu dituzte, bai estolderiakoak bai beste zerbitzu publiko batzuetakoak, besteak beste, telekomunikazioetakoak, bai eta antzeko beste hainbat objektu ere. Era horretako lapurretek, izaten duten kostu ekonomikoaz eta eragiten duten kalteez gainera, kaleetan ezbeharrak eta erorikoak ere eragin ditzakete.

Horren guztiaren aurrean, Udaltzaingoak eta Ertzaintzak ebasketa horiek argitzeko eta egileak identifikatzen saiatzeko zaintza-dispositibo bat ezarri zuten. Gaur, ostirala, lapurretekin zerikusia izan zezakeelako ikerketapean zegoen furgoneta bat ikusi dute Laudion. Dispositiboan parte hartzen ari ziren agenteek Arrigorriagaraino jarraitu diote, eta furgonetan zihoazen bi pertsonak enpresa batean hustu dute, bertan saltzeko, ibilgailuan zeramaten lapurtutako materiala, besteak beste, kutxatila-tapak eta antzeko beste hainbat objektu, gero egiaztatu ahal izan dutenez.

Agente bat harrapatu dute

Polizia furgoneta geldiarazten saiatu denean, bi gazteek abiadura handian ihes egin dute ausarkeriaz gidatuz, eta gelditzeko seinaleak egiten zizkien udaltzain bat jo dute. Une horretan hasi den polizia-jazarpenean beste auto batekin talka egin dute BI-625 errepidean, Arrigorriagan bertan, eta istripuak, hasieran batean, ez du ondorio pertsonalik izan. Azkenean, eta zirkulazioan arrisku-egoera batzuk sortu ondoren, agentearen aurkako atentatua eta material urbanoa ebastea leporatuta atxilotu dituzte.

Zauritutako agenteak osasun-laguntza jaso behar izan du osasun-zentro batean.

Atzemandako materialaren artean 25 bat kutxatila zeuden, eta jada itzuli dizkiote Laudioko Udalari bere lekuan jar ditzan. Polizia-ikerketaren bidez argitu ahal izan dute atxilotuek beste ibilgailu bat zutela lapurtutako materiala gordetzeko, eta gero Arrigorriagara eramaten zutela saltzera. Hori dela eta, materiala erosten zien enpresaren arduradunak ustezko errezibitze-delitua egin du, eta ikerketak zabalik jarraitzen du, beraz. Bi pertsonak zihoazen ibilgailuan, beste hainbat objekturen artean, telebista bat ere bazeramaten, eta legez kanpoko jatorria ote duen ikertzen ari dira.

Uste da gaur berreskuratu diren elementuen modukoak inguruko beste herri batzuetan ere lapurtu ahal izan dituztela. Bi atxilotuak agintari judizialaren eskuetan jarriko dituzte polizia-izapideak amaitzen dituztenean.

Jaitsi erantsitako dokumentua