Eduki publikatzailea

23_0696 Leioa, lau atxilotu Derion kutxazain automatiko batean lapurreta egiten saiatzeagatik

Leioa, lau atxilotu Derion kutxazain automatiko batean lapurreta egiten saiatzeagatik

Servicio de prensa

2023-11-06

Ertzaintzak 47 urtetik 52 urtera bitarteko lau gizonezko atxilotu ditu Leioan, bertako Udaltzaingoarekin elkarlanean, Derion kutxazain automatiko batean indarra erabiliz lapurreta egitea leporatuta.

Gaur, astelehena, goizaldean gertatu da Derion. Banketxe bateko alarma-zentraletik hauteman dute herriko kutxazainetako batean lapurreta egin nahian ari zirela.  Dirudienez, segurtasun-kamerek jaso dute bi pertsona ari zirela rotaflex batekin banketxeko kutxazain automatikoetako bat behartu nahian.  Alarma aktibatu denean, bi pertsona horiek auto batean ihes egin dute.

Gertaera horien ondoren, Ertzaintzak, inguruko udaltzaingoekin batera, ihes egin duen autoa lokalizatzea lortzeko operazio koordinatua hasi du. Udaltzaingoaren patruila batek handik minutu batzuetara aurkitu ahal izan du autoa Leioan, eta geldiaraztea ere lortu du.

Autoan lau pertsona zihoazen, eta autotik jaisteko eskatu diete miatu ahal izateko. Auto barruan, udaltzainek diskoa oraindik beroa zuen rotaflex bat, bihurkin bat, palankaxka bat, eskularruak, ileordeak, kirol-oinetako pare batzuk, kasko bat, lejia pote bat, bi walkie-talkie, telefono mugikor bat eta ehizako sastakai bat aurkitu dituzte.

Ertzaintza gertaera ikertzen hasi da Derioko kutxazain automatikoan egindako lapurretan lau pertsona horiek zuten inplikazioa argitzeko, eta lapurreta-saiakeran parte hartu dutela egiaztatu duenean, indarra erabiliz lapurreta egitea leporatuta atxilotu ditu.

Era horretako egitateekin erlazionatutako polizia-aurrekariak dituzten lau atxilotuak Ertzaintzaren egoitzara eraman dituzte dagozkion polizia-eginbideak hasteko.

Espero dute gaur, astelehena, egunean zehar jarriko dituztela lau pertsona horiek agintaritza judizialaren eskuetan Getxoko Guardiako Epaitegian.