Eduki publikatzailea

23_0700 Barakaldon atxilotu dute droga-trafikoagatik

Atxiloketa polizia-operatibo bateratu batean egin dute

Barakaldon atxilotu dute droga-trafikoagatik

Servicio de prensa

2023-11-07

Ertzaintzako eta Barakaldoko Udaltzaingoko agenteek gizon bat atxilotu dute substantzia sorgorgarriekin trafikatzea leporatuta. Gizona Barakaldoko udalerrian droga-trafikoa eta -kontsumoa zaintzeko eta kontrolatzeko operatibo bateratu batean atxilotu dute. Bi polizia-kidegoak ari ziren atxilotu duten gizona eta haren etxea zaintzen, inguruan toxikomanoak ibiltzen zirelako bizilagunek adierazitako kexei erantzunez.

Susmagarria atxilotzeko aukera eman duen ikerketa joan den irailean hasi zuten, Barakaldoko Arrontegi auzoko lonja baten inguruan toxikomanoen ezohiko mugimendua zegoelako bizilagunak kexatu zirenean. Substantzia sorgorgarriekin trafikatzen ari zitezkeela susmatuta, bai Ertzaintzak bai Barakaldoko Udaltzaingoak zaintza eta jarraipena egiteko dispositibo bat ezarri zuten, eta toxikomano ugari lonjara dirudienez droga erostera hurbiltzen zirela egiaztatu zuten.

Zegokion ikerketa egin ondoren, agenteek jakin ahal izan zuten lonjan polizia-aurrekariak zituen gizon batek egiten zuela lo, eta aurretik, duela lau urte, ere atxilotu zutela osasun publikoaren aurkako delitu batengatik.

Lekura toxikomano ugari hurbiltzen zirela eta droga-transakzioak egiten zituztela egiaztatu ondoren, bi polizia-kidegoetako agenteek dispositibo bat ezarri zuten atzo susmagarria, 30 urteko gizona, atxilotzeko. Atxilotu zutenean, gizonak heroina-dosi bat, haxix-zati bat eta telefono mugikor bat zeramatzan.

Gero, atxilotuaren etxean sartu eta miaketa egin zutenean, substantziak zatitzeko eta banatzeko plastikozko bilgarri ugari eta dirua aurkitu zituzten.

Atxilotua Ertzaintzaren egoitzara eraman zuten zegozkion eginbideak betetzeko, eta, horiek amaitu ondoren, datozen orduotan jarriko dute agintari judizialaren eskuetan.

Jaitsi erantsitako dokumentua