Eduki publikatzailea

Bilbo, gazte bat atxilotu dute beste bati erasotzeagatik eta hainbat lesio eragiteagatik
2023-12-30
Ertzaintzako agenteek 20 urteko gazte bat atxilotu dute gaur Bilbon, buruan eta aurpegian kolpea eman dion beste gizon bati lesioak eragitea egotzita. Zerbitzuz kanpo zegoen ertzain bat erasoaren lekuko izan da, eta biktimari laguntzeko abisua eman du.
Gertakariak goizeko 06:30ean izan dira, Bilboko Miguel de Unamuno plazan. Zerbitzuz kanpo zegoen ertzain batek oihuak entzun ditu, eta gazte baten erasoa ikusi du, lurrera erorarazi ondoren beste bati ostikoka jotzen ari zela. Lekukoak berehala eman du abisua eta esku hartu du. Pertsona batzuk biktimari laguntzera joan dira.
Une horretan, Bilboko Udaltzaingoko patruila bat bertatik zirkulatzen ari zen, eta laguntza eman du aldeak bereizteko eta gertakaria kontrolatzeko. Ertzaintzako beste patruila batek geldialdia egin eta ustezko erasotzailea geldiarazi du. Erasotzaileak alde egin nahi zuen, eta metroko sarrera batera zihoan.
Biktima anbulantzian eraman dute ospitalera, masailezurrean haustura izan dezakeelakoan, eta hainbat hortz-piezari eragin die. Hori dela eta, ertzainek ustezko egilea atxilotu dute, lesio-delitu bat egotzita.
Atxilotua Bilboko Guardiako Epaitegiaren esku utziko dute izapideak amaitzean, Bizkaiko hiriburuko ertzain-etxean.