Eduki publikatzailea

24_0005 Irunen atxilotu dute su-arma batekin pertsona bat mehatxatzeagatik eta polizia-auto bat jotzeagatik

Hainbat agente bidetik presaka apartatu behar izan dira autoak harrapa ez zitzan

Irunen atxilotu dute su-arma batekin pertsona bat mehatxatzeagatik eta polizia-auto bat jotzeagatik

Prentsa Zerbitzua

2024-01-04

Ertzaintzako agenteek 39 urteko gizon bat atxilotu dute Irunen, polizia-auto bati eraso egin eta agente batzuk harrapatzen saiatzegatik. Aurretik, atxilotuak dirua lapurtu dio oinezko bati, su-arma batekin mehatxatuta.

Atzo, goizaldeko hiruak laurden gutxi aldera, pertsona batek Ertzaintzara deitu du pistola batekin mehatxatu dutela esanez. Berriemailearen arabera, mehatxatu duen pertsona Irungo Larreaundi auzoan oinez zihoanean hurbildu zaio, eta errebolber batekin mehatxatuta 250 euro kendu dizkio.  

Irungo Ertzain-etxeko baliabide batzuk eta Bizkor patruila bat berehala bertaratu dira adierazitako lekura, eta ingurua aztertu ondoren, ibilgailu susmagarri bat geldiarazi dute inguruko kale batean.  Auto barruan zegoen pertsonaren ezaugarriak bat zetozen oinezkoa ustez mehatxatu duen pertsonaren ezaugarriekin, eta agenteek autotik irteteko eskatu diote. Gidariak ez die jaramonik egin agenteen jarraibideei, eta ihes egiten saiatu denean kalteak egin dizkie bide ertzean aparkatuta zeuden ibilgailu batzuei, eta ihes egitea eragozteko bidean gurutzatuta zegoen polizia-autoa jo du.   Errepidean zeuden agenteak bidetik presaka apartatu behar izan dira autoak harrapa ez zitzan. Ezin zuenez bidean aurrera jarraitu, gizonak autotik jaitsi eta korrika ihes egin du, baina polizia-baliabideek harrapatu eta atxilotu egin dute agintaritzaren agenteen aurkako atentatuaren delitua, su-armarekin mehatxu egitea eta beldurra erabiliz lapurreta egitea leporatuta.  

Atxilotuaren ibilgailua aztertu dutenean, errebolber bat eta debekatutako armak, besteak beste, katana bat eta labana bat, aurkitu dituzte, bai eta substantzia sorgorgarri bat, kokaina-kopuru txiki bat, eta substantziak prestatzearekin eta kontsumitzearekin lotutako hainbat objektu ere, besteak beste, doitasun-balantzak, nahasteko substantziak, eta abar.

Bestalde, udaltzainek alkoholemia proba egin diote, eta positibo eman duenez, bide-segurtasunaren aurkako delitu bat ere leporatu diote.  

Atxilotuak gaur goizean zehar jarriko dute agintari judizialaren eskuetan.

Jaitsi erantsitako dokumentua