Eduki publikatzailea
Gazte bat atxilotu dute Gorlizen sexu-askatasunaren aurkako delituengatik
2026-09-08
Ertzaintzak 24 urteko gazte bat atxilotu du Gorlizen emakume gazteen aurkako sexu-erasoengatik. Gaztea gauez eta jende gutxi zebilen lekuetan ateratzen zitzaien emakumeei. Atxilotua espetxera eraman dute epailearen eskuetan jarri ondoren.
Emakume gazte batek irailaren 3an Gorlizen gertatutako sexu-askatasunaren aurkako delitu batengatik jarritako salaketaren ondorioz, Ertzaintzak erasotzailea aurkitzeko ikerketa hasi zuen. Espainiar nazionalitateko 22 urteko biktimaren arabera, goizaldean jende gutxi zebilen eta etxebizitzetatik aldenduta dagoen leku batetik bere etxera zihoanean, gazte batek atzetik segitzen ziola jabetu zen. Handik pixka batera, buru-beroki bat jantzita zeraman pertsona hori sexu-erasoa egiten saiatu zitzaion. Biak elkarren aurka borrokan aritu ziren eta biktima zaurituta geratu zen, urradura eta ubeldurekin, eta erasotzaileak ihes egin behar izan zuen bizilagun bat biktimari laguntzera agertu zenean.
Ikerketaz arduratu ziren ertzainek egindako kudeaketei esker, ustezko erasotzailea, espainiar nazionalitateko 24 urteko gaztea, identifikatu ahal izan zuten.
Joan den larunbatean, aipatutako egitateengatik atxilotu zutenean, gazteak berak aitortu zien ertzainei antzeko beste eraso bat egin zuela joan den abuztuaren 8an. Kasu hartan, aurrekoan bezala, erasotzailea buru-berokia jantzita agertu zen biktimaren aurrera, inor ez zebilen toki batean, eta bularraldetik helduta bultza egin zion. Inguruko bizilagunek entzuteko oihuka hasi zen biktimaren erreakzioaren ondorioz, erasotzaileak amore eman zuen eta ihes egin zuen. Ikertzaileek bigarren biktima hori, espainiar nazionalitateko 21 urteko emakumea, identifikatzea lortu zuten, eta zegokion salaketa jarri zuen.
Gorlizko Udaltzaingoak lagunduta egindako polizia-eginbideak amaitu ondoren, atxilotua atzo goizean jarri zuten epailearen eskuetan, eta agintari judizialak espetxeratzeko agindua eman zuen.
Egindako ikerketan zehar jakin ahal izan denez, bi biktima horiez gain, atxilotua beste emakume baten zain ere egon zen lehen aipatutako erasoa gertatu zen iraileko gau berean. Kasu horretan ibilgailu batean sartu zelako libratu zen.
Ikerketa zabalik dago, gertakariak salatu ez dituzten eta antzeko egoerak jasan dituzten biktima gehiago egon daitezkeelakoan. Jakin diren kasuen arabera, erasotzaileak goizaldean jarduten zuen, leku isolatuetatik oinez zihoazen emakume gazteak aukeratzen zituen eta beldurtu egiten zituen eta fisikoki eraso egiten zien aurre egiten ziotenean. Era berean, buru-beroki bat erabiltzen zuen aurpegia estaltzeko eta biktimak ikaratzeko, eta atxilotu zutenean bere gauzen artean aurkitu zioten.





























