Eduki publikatzailea
Euskadin delituek behera egiten jarraitzen dute, % 1,2ko jaitsierarekin irailera arte
2026-10-30
Segurtasun Sailak gaur argitaratu ditu urteko lehen bederatzi hilabeteetako arau-hauste penalei dagozkien datuak. Euskal Poliziaren, Ertzaintzaren eta udaltzaingoen datuek erakusten dutenez, % 1,2 jaitsi dira arau-hauste penalak aurreko urteko aldi beraren aldean. Urtarriletik irailera 109.512 delitu erregistratu dira; horietatik % 79,6 delitu presentzialak dira eta % 20,4 delitu informatikoak.
Deliturik ohikoenak ondarearen eta ordena sozioekonomikoaren aurkako delituak dira; 59.965 arau-hauste penal zenbatu dira, eta % 5,4 jaitsi dira aurreko aldi beraren aldean. Horien artean, ugarienak ebasketak dira, 33.140 delitu, % 8,6 gutxiago. Ebasketen ondoren, delitu ohikoenak iruzur informatikoak dira, 19.571 arau-hauste zenbatu baitira aurtengo urtarriletik irailera bitartean. Ziberespazioan egindako delituen % 87,9 iruzurrak dira.
Delitu larrienei dagokienez, 2026ko lehen bederatzi hilabeteetan aurreko urteko aldi berean baino homizidio bat gutxiago zenbatu da. Euskal Poliziak 9.826 lesio-delitu ere erregistratu ditu, eta horietatik % 32 familia-eremuko tratu txarrak dira. Euskal Poliziak sexu-askatasunaren aurkako 996 delitu ere erregistratu ditu, 2025eko aldi berean baino 76 gehiago.
Aurtengo urtarriletik irailera bitartean, Euskal Poliziak 11.448 atxiloketa egin eta 32.708 ikerketa zenbatu ditu. Ertzaintzak atxilotu eta ikertutako pertsonen jatorriari dagokionez, atxilotuen % 32 eta ikertuen % 39,6 Euskal Autonomia Erkidegokoak dira.






























